KRONIKA I Elkarretaratzeak
Euskaltzaleek ez dute «Egunkaria» bakarrik utzi
Zerbait egin badute, zintzoki lan egitea izan da». Horrela hitz egin zuen atzo Xabier Mendigurenek «Egunkaria auziko» auzipetuen gainean. Audientzia Nazional espainolean epaiketa hasteko bost egun falta zirenean, gero eta gehiago dira itxitako kazetaren aldeko aldarriak. Atzo eguerdiz, Euskal Herriko bost hiriburutara eraman zuten epaiketa honen aurkako eta auzipetuen aldeko oihua.
Janire ARRONDO I
Aurpegi zurbilak suma zitez- keen atzo Donostiako Boulevard zumardian «Egunkaria libre!» lemapean egin zuten elkarretaratzean; eta ez zen gutxiagorako. Keinu gogorrak ere ageri ziren; haserrea, amorrua eta barruko ezinegona ezkutatzeko ezina erakusten zuten. «Egunkaria»ren aurkako epaiketaren bezperatan azken ahalegin bat egitera irten ziren kalera dozenaka lagun.
2003an epaile espainolen aginduz «Egunkaria» itxi zutenetik dozenaka, ehunka, milaka, izan dira gertaeraren aurka egin diren ekimenak. Azken hilabeteotan, gainera, epaiketa gerturatu ahala, are eta gehiago izan dira.
Hain juxtu ere, datorren asteartean hasiko da Audientzia Nazional espainolean «Egunkaria auzian» inputatu daudenen kontrako epaiketa. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Txema Auzmendi, «Egunkaria»ko Administrazio Kontseiluko eta zuzendaritzako kide ohiak, izango dira epailearen aurrean jarri beharko dutenak. Horiei guztiei 12 eta 14 urte bitarteko espetxealdiak eskatzen dizkiete Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek. Horregatik, ehunka lagun atera ziren atzo kalera egoera honen aurrean desadostasuna agertu asmoz.
«Ez dute merezi»
«Epaiketa salatzeko» eta «auzipetuei babesa agertzeko» Kontseiluak deitutako protestaldiak izan ziren atzo Euskal Herrian barrena; Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean elkarretaratze jendetsuak egin zituzten eguerdian. Donostian, ehundik gora euskaltzale bildu ziren.
Donostian ziren inputatuetako batzuk, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenekin eta euskal kultura eta politikagintzako hainbat aurpegi ezagunekin batera. 2003. urtean «Egunkaria»ren itxiera ekarri zuen «erasoa» ez dela amaitu azpimarratu zuen prentsaren aurrean Mendigurenek, eta, «benetan», azkenekoa izatea nahiko luketela aitortu zuen. «Auzian inputatuta daudenek ez dute merezi inondik inora horrelako ordainik. Euren bizitzan zehar zerbait egin badute, zintzoki lan egitea izan da», nabarmendu zuen Kontseiluko ordezkariak. Are gehiago, euskal kulturaren eta euskararen alde egin duten lanagatik errekonozimendua zor zaiela berretsi zuen Mendigurenek.
Bidez batez, hilaren 19an Bilbon deitu duten manifestaziora joateko gonbita luzatu zuen: «Dei egiten dizuegu guztioi euskalgintzaren aldeko jarrera agertzera, bereziki datorren astean epaituak izango diren inputatuen aldekoa».
Euskal Herritik harago ere entzuten dira «Egunkaria»ren aldeko oihuak. Aurkakoak ere badira, ordea. Horren erakusle, Bilbokoarekin batera Madrilen egitekoak ziren manifestazioa debekatu egin zuten herenegun. Debekuaren gainean galdeturik, Joan Mari Torrealdaik zer gertatuko den ez dakitela azaldu zuen. Manifestazioa «Egunkaria»ren aldeko Madrileko plataformak deitu zuenez, egingo duten edo ez haiek argituko dutela azaldu zuen.