Lain hasiberrien freskotasunak Betagarriren eskarmentuarekin bat egingo du Gazteszenan
Datorren abenduaren 18an Betagarrik eta Lainek oholtza partekatuko dute Donostiako Gazteszenan eskainiko duten kontzertuan. Kaleratu berri dituzten diskoak aurkeztuko dituzte bi taldeek.
Oihane LARRETXEA |
Betagarri taldeak eta Lain boskoteak eszenatokia partekatuko dute abenduaren 18an 23.00etatik aurrera Donostiako Gazteszenan emango duten kontzertuan. Bertan, kaleratu berri dituzten diskoak aurkeztuko dituzte zuzenean.
Gasteizko taldeak hamasei urte bete ditu aurten, eta «Bizitzari txistuka» deitutako diskoa beraien bederatzigarren lana da. Lain boskoteak, bestetik, taldearen izen berbera daraman lehen diskoa aurkeztuko du Gazteszenan.
Atzo egindako aurkezpenean Angel Valdes Elkarreko musika arduradunak azaldu zuenez, «helburua gasteiztarrek musika munduan bildutako eskarmentua eta bizipenak Lainek helarazten duen freskotasunarekin eta ilusioarekin nahastea da». «Bi taldeak nortasun ezberdinekoak dira, euren berezko ezaugarriekin, baina biek indar handia dute oholtza gainean», nabarmendu zuen Valdesek.
Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuenetik, lanez lepo ibili da Lain taldea diskoa prestatzen. Izan ere, hastear duen ibilbidea gogo biziz hartu du boskote gazteak. «Betagarrirekin batera jotzea oso aukera ona da guretzat», aitortu zuen Leire Berasaluze abeslariak. Ostean, kontzertura joateko gonbita luzatu zuten Leire eta Cristina taldekideek «Itxaropen hautsien kaxa» lehen singlea eskainiz.