GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Segiren aurkako auzi amaigabea: lehenengoak, zigorra beteta; azkenak, kartzelaratu berri

Ezker abertzalearen kontrako ofentsiba betean, 2002ko martxoan, hainbat euskal gazte atxilotu zituzten Segiko kide izatea egotzita. Artean Segi legezko erakundea zen; hala ere, 2005ean Auzitegi Nazional espainolak kartzela zigorra ezarri zien eta ondoren, 2007ko urtarrilean, Auzitegi Gorenak Segi «erakunde terroristatzat» jo zuen. Ebazpen hura gazte independentisten kontrako auzietan ez ezik, ezker abertzalearen kontrako gainontzeko auzietan ere aurrekaria izango zen.

Sei urteko kartzela zigorra osorik beteta, 2002an atxilotutako gazteak kartzela atzean uzten hasi ziren atzo. Baina «terrorismoaren kontrako» operazio hura estatu-estrategia errepresibo baten atal bat baino ez zen izan. Ordutik ia berrehun gazte auzipetu dituzte akusazio beraren pean. Azkenak, orain dela egun bakan batzuk; Hego Euskal Herri osoko 34 gazte atxilotu eta horietatik 31 kartzelaratu zituzten, eta, egunotan askatasuna berreskuratzen hasi direnei bezala, Segikoak izatea leporatu diete. Bistan da akusazio hori, lan politikoa egitea alegia, aski dela denbora luzean kartzelan atxikitzeko. Eta bistan da, halaber, euskal gazteria zigortzea Estatu espainolaren estrategiaren helburu nagusietakoa dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo