NBEk Afganistanen duen ordezkari nagusiak ez du agintaldia berrituko
Nazio Batuek Afganistanen duten ordezkari nagusiak, Kai Eide norvegiarrak, ez du karguan jarraituko heldu den martxotik aurrera, ez baitu bere agintaldia berrituko. Bestalde, Alemaniako Defentsa ministro Karl-Theodor zu Guttenberg Afganistanen da bisitan.
GARA |
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Afganistanen duen mandatari berezi Kai Eidek ez du karguan jarraituko heldu den martxoan bere agintaldia amaitzen denetik aurrera, atzo nazioarteko erakundearen eledun batek iragarri zuenez.
Abuztuaren 20an egindako Afganistango hauteskunde presidentzialen lehengo itzuliaren ostean NBEren barnean piztutako polemikaren protagonista nagusietakoa izan zen Norvegiako diplomatikoa. Izan ere, maila handiko iruzurra izan zela salatu zuen Eidek. Aldiz, Eideren bigarrena iruzurra estaltzen saiatu zen kargutik kendu zuten arte.
«Kai Eidek lanari ekin zionean, bi urteko epea zuen aurretik, aldez aurretik kargu hau okupatu duten guztiek bezala. Nazio Batuetako idazkari orokorrari ordezko bat bilatzeko prozesua hasteko eskatu dio Eide berak», azaldu zion France Presse agentziari Dan McNorton eledunak.
«Ez da dimisiorik egon, Kai Eidek 2008ko martxoan aurreikusita zegoen egutegia onartu du», gaineratu zuen McNortonek.
Alemaniako ministroa
Alemaniako defentsa ministro Karl-Theodor zu Guttenberg Afganistanen bisitan da ostegun gauaz geroztik, atzokoan Ministerioko bertako eledun batek azaldu zuenez.
Ministro kontserbadorea defentsa arloko adituekin joan da Afganistanera, zehaztasun gehiago eman ez duen eledunak gaineratu duenez.
Bisita NATOko hegazkinek Afganistanen zibilen sarraski bat eragin ostean piztutako polemikaren erdian kokatu behar da. Sarraskiaren ondorioz, goi mailako dimisioak izan dira Berlinen.
Joan den astean, irailaren 4an, Kunduztik gertu -Afganistango iparraldean, Alemaniako tropak dauden eremuan- izandako sarraskia onargarria ez dela aitortu du Zu Guttenbergek. NATOk emandako datuen arabera, erasoak 142 hildako eragin zituen, tartean zibil ugari. NATOk onartu duenez, Alemaniako komandante baten aginduz burutu zen erasoa talibanek gasolinaz betetako bi kamioi suntsitu ostean.
Uneotan Alemaniak 4.300 soldadu ditu Afganistanen. AEBen eta Britainia Handiaren atzetik, Afganistanen soldadu gehien dituen herrialdea da Alemania. Orotara nazioarteko 110.000 soldadu daude Afganistanen.
Bestalde, «The New York Times» egunkariak atzo argitaratu zuenez, Blackwater enpresa estatubatuarreko mertzenarioek CIAk zuzendutako ezkutuko operazioetan parte hartu dute Iraken zein Afganistanen.
2007ko irailean Iraken izandako hamazazpi zibilen hilketak eragindako polemikak ez du CIA eta Blackwaterren arteko harremana apurtu. Hala, egunkariaren arabera, enpresa horretako mertzenarioek matxinoak atxilotu eta garraiatzen jarraitzen dute Iraken eta Afganistanen.