GARA > Idatzia > Ekonomia

Arrantzaren etorkizuna defendatzeko ekimenak iragarri ditu LABek Ondarroan

Euskal ontzidiak %70eko murrizketa izan du azken hogei urteotan berregituraketa ezberdinen ondorioz. Gainera, 2013rako iragarri duten arrantza politika berriarekin, gure itsasontzien %5o soberan daude. Etorkizun beltz horren aurrean, LABek arrantza defendatzeko deia egin du.

p025_f02_148x104.jpg

GARA |

LAB sindikatuak zenbait ekimen antolatu ditu hilaren 14aren eta 19aren artean euskal arrantzak bizi duen egoera larria salatu eta aurrera begirako planteamenduak egiteko hausnarketa eta eztabaida zabaltzeko. Are gehiago, Europako Batzordea Arrantza Politika Orokorra berraztertu eta erreformatzeko proposamen batean lanean dabilela jakinda, Euskal Herrian arrantza «desagertzeko arriskuan» dagoela esan zuten atzo sindikatu abertzaleko ordezkariek.

«Europak berregituratzeari buruz hitz egiten duen bakoitzean, Euskal Herriko flotaren desagerpena areagotu egiten da, bide batez lanpostuak galduz», adierazi zuten. Azken 20 urteotan euskal ontzidiak jasan dituen berregituraketen ondorioz, itsasontzien %70 desagertu egin dira. Gainera, nabarmendu zutenez, 2013. urtean martxan jarri nahi duten arrantza politika berriak egungo ontzidia %50 murriztea aurreikusten du.

Eman zituzten datuen arabera, Ondarroan, alturako arrantzan, 1.304 arrantzaleri lana ematen zieten 86 itsasontzi izatetik 34 itsasontzi eta 440 lanpostu izatera pasatu dira azken hogei urteotan. Pasaian, 372 lanpostu sortzen zituzten 64 itsasontzi zeuden 1989an, eta egun sei itsasontzi eta 70 arrantzale daude lanean.

Arrantzaren etorkizun ilun horren aurrean, Euskal Herriak sektorea defendatzeko subiranotasunik ez duela salatu zuten. «Une kritikoa bizi dugula jakitun, sindikatutik inoiz baino beharrezkotzat jotzen dugu nazio mailako ikuspegi eta diagnosi batetik abiatuz plan estrategiko bat lantzea», planteatu zuten LABeko ordezkariek.

Nabarmendu zutenez, ezinbestekoa da arazoari bere osotasunean heltzea, kaltetuen beharrei erantzuteko eta konponbide bideragarriak planteatzeko.

Bide horretatik, Kofradia Nazionala sortzea eta arrantza erakunde publiko nazional baten bidez kudeatzea planteatu du LABek, «egungo egoerak behar hori agerian uzten duelako». Astelehenean martxan jarriko dituzten ekimenek ere bide horretatik joko dute. Jendartean kontzientziazioa zabaltzeko eta arrantza politika arduratsu baten beharra aldarrikatzeko, elkartasun baraualdia egingo dute txandaka hilak 19ra arte.

Ipar Hegoa Fundazioak antolatuta, eta «Gure arrantza defenda dezagun» leloarekin, jardunaldi irekiak ere izango dira Ondarroako Kofradia Zaharrean, 19.00etatik aurrera. Hilaren 19an, berriz, manifestazioa izango da Ondarroan, 13.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo