Aizkora I Binakako Urrezko Txapelketa
Larretxea lehen aldiz ariko da semearekin batera
Donato Oihanekin bikoa osatuz neurtuko da gaur Zeberion Etxebesteren eta Olasagastiren aurka.
Jon LEUNDA I
Binakako Urrezko Aizkorak bigarren jardunaldia izango du gaur, 19.30etik aitzinera jokatuko baita Zeberion C eta D multzoetako lehen jardunaldia. Saioak oso erakargarriak izango dira. Bertan, egungo txapeldunak arituko dira, Larretxea eta Atutxa II.a, nahiz eta aurtengoan ez diren elkarrekin arituko. Donato, bere semearekin, Oihanekin, arituko da. Hain zuzen ere, lehen aldiz osatuko dute elkarrekin bikoa aita-semeek txapelketa batetan.
Larretxeatarrek bi beterano izango dituzte aurrez aurre; Etxebeste eta Olasagasti. Nafarrak dira faborito hasiera batean, baina bi beteranoekin kontuz ibili beharko dute. Dudarik gabe polita, oso polita, izango da Larretxearentzat txapelketa batean bere semea alboan duela aritzea. Mindegiaren aurkako apustuan aizkorak ematen aritu zitzaion, baina oraingoan berarekin batera aizkoran arituko da. Donatok garbi utzi du sekulako ilusioa dutela jarrita aurtengo txapelketan.
Multzo bakoitzean hiru bikote dira, eta lehen saioa irabazteak garrantzi handia dauka, izan ere, hurrengo fasean izateko urrats garrantzitsua emango dute irabazleek. Ugarteburu eta Azurmendi dira multzo honetako beste bikoa.
Larretxeatarrak dira faborito, baina Etxebeste eta Olasagasti ere ahaleginduko dira lan ona egin eta ezustea ematen. Gainera, irabazteak sekulako indarra emango lieke.
Gazteak
C multzoko saioa ere polita agertzen da, izan ere, bi gazte, Rekondo eta azkeneko bi urtetan Larretxearekin txapeldun izan den Atutxa II.a, Etxeberriaren eta Mugertza I.aren aurka lehiatuko dira.
Rekondorengan eta Atutxarengan itxaropen handiak jarri dituzte zaleek. Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketan lehenengo eta bigarren geratu ziren, biek lortu zutelarik Lehen Mailara igotzeko txartela. Txapelketa primeran doakie bi aizkolari gazte hauei. Lan motzak eta azkarrak dira, eta gaur faborito aterako dira. Dena dela, kontuz ibili beharko dute Etxeberriarekin eta Mugertza I.arekin. Izan ere, Sunbillakoa eta Mutrikukoa ongi moldatzen dira lantegi motzetan ere. Eskarmentua soberan dute, eta gazteak menderatzeko gogoz plazaratuko dira. Gainera, eskarmentua garrantzitsua da, batez ere zutikako enborretan, eta horrela jarritako enbor bat baino gehiago dituzte.
Beste multzo guztietan bezalaxe, hemen ere sekulako garrantzia izango du irabaziz hasteak. Hori lortzen duenak hanka bat final-laurdenetan izango du, eta galtzen duenak, berriz, sekulako presioa izango du, lehian sartzeko falta den bikoa ere indartsua baita. Otaño eta Lasa dira, eta primeran moldatzen dira lantegi honetara.
Txapelketako proba guztiak laburrak izango dira. Sei ekinaldi ezberdin egin beharko dituzte: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; 45 ontzakoarekin abiadura proba; 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda jarrita; 60 ontzakoa zutik; bi 60 ontzako etzanda; eta, azkenik, iraupen proba -bertan bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi 54ko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu-.
Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketan lehen faseko bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da 255 eta 300 kilotan. Ekinaldia gaur izango da Oiartzunen, 17.00etatik aurrera. 255ekoan neskak arituko dira, eta 300ekoan, berriz, mutilak.
Nesketan bi multzotan banatuta neurtu ziren lehen ekinaldian. Lehenengoan, Badaiotz, Sakana A, Girizia, Beti Gazte eta Ibarra A lehiatu ziren. Badaiotz A izan zen onena. Bigarrengoan, berriz, Badaiotz, Amaiur, Sakana B, Berriozar eta Ibarra B izango dira. Bi jardunaldietako puntuak banatuta, multzo bakoitzeko hiru onenek egingo dute aurrera.
Mutilak ere bigarren eta azken saioa izango dute lehen fasean, eta hauek ere bi multzotan banatuta arituko dira. Lehenengoan, Amaiur A, Berriozar, Abadiño, Ñapurrak A, Barrundia, Sokarri A eta Baiona A lehiatuko dira. Bigarren multzoan, berriz, Amaiur B, Ibarra, Sokarri A, Ñapurrak B, Baiona B eta Auzolan lehiatuko dira. Hemen ere, nesketan bezalaxe, bi jardunaldietako puntuak batu eta multzoko hiru onenak sailkatuko dira. J.L.