Errugbia
Liga ahaztu eta burua Europan jarri behar da
Jon LEUNDA I
Ligako bolada txarra alde batetara utzi, eta Europan burua jarri beharko dute Biarritzek eta Avironek datozen bi asteburuetan. Europan oso maila ona ematen ari dira bi taldeak, eta aurrerantzean ere horrela jarraitu nahi dute.
Heineken Kopan, Biarritzek Newport hartuko du bihar Agileran (13.45ean). Lapurtarrak sailkapeneko lehen postuan daude, eta Newport bigarren lekuan da. Bien artean, ordea, alde handia dago. Garaipena erdietsita, final-laurdenetan izateko urrats handia emango dute lapurtarrek, eta puntuak batzen jarraitzen badute, partida hori etxean jokatzeko aukera asko izango dituzte.
Hala ere, urritik ez dute jokatu Europan. Azkeneko partida jokatu zutenean, lapurtarrak joko bolada oso onean zeuden, eta hori argi utzi zuten lehiaketa honetan ere.
Orain, berriz, zulo beltzean sartuta daude. Gaizki jokatzen eta partidak bata bestearen atzetik ari dira galtzen. Hori dela eta, Top 14 Ligako laugarren postua gero eta urrunago dute. Orain, Europan jarri nahi dute burua datozen bi jardunaldietan hurrengo faserako txartela lortu asmoz. Bihar galtzea sekulako kolpea litzateke. Sailkapenean nahastu egingo lirateke, eta dituzten zalantzak, berriz, hazi egingo lirateke. Izan ere, zaleak eta zuzendaritzako zenbait kide kezkatzen eta urduritzen hasita dira.
Bestalde, Biarritzek datorren martxoaren 27an Stade Toulosainen aurka Donostian jokatuko duela baieztatu du. Beraz, lapurtarrak beste behin ariko dira Anoetan.
Avironen egoera okerragoa da. Helburua goialdean ibiltzea bazen ere, Top 14 Ligan beheko zuloan sartuta dago. European Challenge txapelketan, berriz, gauzak oso ongi egiten ari da lapurtarrak; horren erakusle, multzoko lehen postuan daude. Gaur, 16.00etatik aitzina, Ingalaterran jokatuko dute, Londonen zelaian. Ingelesak dira faboritoak, eta han irabaztea oso zaila izango da, nahiz eta galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joan diren. Avironek duen hamabostekorik onena zelairatuko du.