Hizkuntzen legearen aldeko urrats berria ematera deitu dituzte agintari politikoak
Gobernu frantsesak berriki hizkuntzen legeari buruz egindako adierazpenen ondotik, Euskal Konfederazioko eta Kontseiluko ordezkariek Parisen aitzinean lege «oso» bat aldarrikatzera deitu dituzte agintariak.
Ainize BUTRON |
Luc Besson Immigrazio ministroaren ahotik zabaldu zen joan den astean frantses Gobernuak hizkuntza gutxituen lege egitasmoa kolokan jartzeko asmoa duela.
Konstituzioa mugarri gisa aipatuz, hizkuntza gutxituen hiztunen eskubideak lege batean jasotzeko oztopoak jarri eta «sinbolikoa» baizik ez zela izanen jakinarazi zuen Bessonek. Euskal Konfederazioko eta Kontseiluko ordezkariek erran horiekin batere ados ez daudela azaldu zuten atzo Baionan, eta, berriz ere, gobernukideek azaltzen duten «mespretxua» salatu zuten. Jone Josie Kontseiluko ordezkariak honakoa gogoratu zuen: «Konstituzioak ez du eskubideen babesa ziurtatzen. Hizkuntz eskubideak bermatzeko lege baten babesa behar da».
Legearen mamia, landua
Sarkozy frantses presidenteak 2008an emandako hitza jan duela salatuz jarraitu zuen Josiek. Bere erranetan, «fase berri bat» zabaltzen da orain eta, horri begira, Deiadar manifestaldian parte hartu zuten hautetsi eta diputatu guztiei Gobernuari beraien desadostasuna helarazteko eskatu zien. «Manifestaldian urrats bat emateko galdetu genien. Familia politiko guztiak azaldu ziren. Orain bigarren urrats bat ematera deitzen ditugu», nabarmendu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Lege «oso» baten mamia landua dutenez, beraiekin harremanetan jartzera deitu zituzten. «Gobernuak bere hitza errespeta dezan lan egingo dugu eta agintariei ere horrela egitea eskatzen diegu», gaineratu zuen Gorostiagak.