GARA > Idatzia > Kultura

Oxtikeneak bi disko atera ditu euskal kantu zaharrak berreskuratzeko

Senpereko Oxtikenea elkarteak 1999tik urtero egiten dituen kantu zaharren bazkarietatik atera dituen «altxorrak» bildu ditu. Galtzen ari diren euskal kantak jasotzea izan da elkartearen xedea.

p049_f03_148x88.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Euskal gizartearen funtsa atxikitzeko kantuak badu toki handi bat. Elkarrekin kantatuz anaitasuna sortzen da», Oxtikenea elkarteko Auxtin Zamoraren iritziz. Hitz horietatik abiatuta, elkarteak egin duen bilketa eta zabaltze lana disko eta liburuen argitalpenetik haratago doan jarduera da.

Kultura eta historiaren artean kokatzen diren bi disko kaleratu ditu Oxtikeneak «Kantu zahar bilduma 1999-2009» izenpean, eta horietan orotariko 67 kantu bildu ditu. Zenbait ikerlariren arabera, kantagintzatik haratago doan bilduma da Oxtikeneak egindakoa. Izan ere, arlo etnografiko eta antropologikoan ere datu interesgarriak eskaintzen ditu.

Gai oso ezberdineko kantuak bildu dituzte: gerlari buruzkoak, maitasunari buruzkoak... Ezkutuan kantatzen ziren hitzak ere jaso dituzte bilduman. «XIX. eta XX. mendeko gizartea itxia zen, eta gai batzuk ezin ziren tratatu, errealitatean denen ahotan ziren arren. Egun ere jendeak kantatzean plazera sentitzen du oraindik», Senpereko elkarteko Mixel Mendibururen arabera.

«Kantuz aritzeko behar da jendea elkartu», Mendiburuk ongi dakien bezala. Elkarrekin egondako momentuetan ateratako kantuak bildu dituzte orain argitara eman dituzten bi diskoetan. Urtero 80 eta 100 pertsona artean elkartzen dira Senperen egiten den kantu bazkarian, eta ekimena beste zenbait herrira ere ari da zabaltzen.

Kantuak orain arte egindako bazkarietan bildutako 50 grabazio orduen emaitza dira. Hori dela eta, kantu gehienak a capella abestuta daude. «Entzungarritasunaren arabera aukeratu ditugu», arlo teknikoaz arduratu den Panpi Zamorak argitu duenez. Oraingo honetan, kanta guztien hitzak idatziz ere jaso dituzte.

«Fifin Billon bakarka ari da kantuz bere sukaldean eta kanpoan dena entzuten da, antzarak eta txakurrak zaunka», nabarmendu du Zamorak. Hala ere, egungo teknologia baliatuta grabaketei ahalik eta kalitate handiena ematen saiatu dira.

«Etxean ez atxiki»

Elkarteko kideek kantu zaharrek gordetzen dituzten «altxorrak» goraipatzen dituzte. Ildo horretan, Auxtin Zamorak mezu argia igorri du: «Kantuak etxean ez atxiki, zabaldu egin behar dira». Mixel Mendiburu haratago doa eskaera zabaltzeko unean: «Artxiboak etxeetan gordetzea bekatua da. Euskal kulturaren artxiboak ez dira mihise artean gorde behar».

«Mihise artean» ez bazegoen ere, Oxtikenea elkarteak argituratu duen kantu liburua burutzeko zenbait bilaketa egin behar izan dituzte. Hain zuzen ere, Piarres Lafitte apaizak bere kantu bilaketetan erabili zuen kantu liburua argitaratu dute. 1910 eta 1939 urteen artean hainbat pertsonek egindako kantu bilketa agertzen da Piarres Xarritoni esker atzemandako kaieran. Gaiei begiratuta, kantu horietako batzuk Napoleonen garaikoak direla argi geratzen da; zenbait zaharragoak ere badira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo