Jon Otegi, Jabi Estebanez, Arritxu Iribar eta Urko Artano (*) Euskal Telebista eta Euskadi Irratiko LABen izenean
EITB behingoz konpon dezagun
Badirudi gaurko mandatariei bost axola zaiela zer gerta dakiokeen euskaldunon nortasuna eta erreferentzialtasuna berma dezakeen komunikabide publikoari Badirudi euskal jendartearen sektore gehiago sentitzen direla bazterturik edota gauzak aldatu beharreko sentimenduarekin. Sukar honek behar dugun komunikabide publikoa proposatzeko balio dezala
Nabaria da azken hilabeteotan EITBk hartu duen norabidea ez dela kasualitatea, eta pentsamendu nazionalistatik diseinatutako estrategia bati erantzuten diola, nazionalista espainoletik, noski. Horrela PSOEren EAEko sukurtsalak, bere bidelagun PPrekin, aspaldi kritikatzen zutena aldatzeko asmoarekin etorri zaigu. Hasieran zalantza bazen ere emeki-emeki ala era trakets eta baldar batean egingo ote zuten, lehen aukerarekin hasi eta bigarrenarekin jarraitzea erabaki dutela garbi ikusten da.
Halere, bada gogoratu beharreko beste alde bat. Asmoa ez da bidegabekeria zerrenda luze bat egitea, besterik gabe EAJri aurpegira botatzeko, nor bere tokian kokatzea baizik, eta inguruan zer dugun argiago izatea: EAJk EITB kate motzarekin eraman izan du era nabarmen eta lotsagarrian, bera ere bere konfiantzako postuak «digitalki» betez; gogoko ez zituen aurkezleak eta programak kenduz; ezker abertzalearen aurkako «aparthEITB» onartezina erabiliz; bertso saioetan presoen aldeko hitzak eta ikurrak desagerraraziz; eta azken muturreraino eramanda, bere etxe barruko garbiketa ezkutuagoa ere egin zuen imaztarrak gailentzearren; orain Nafarroan ETB LTD bidez ikusteko aukeraz kezkatzen ari garelarik, ez dago soberan gogoratzea EAJk UPNrekin negoziatzerakoan dagoeneko euskarazko katea den ETB3 baztertu egin zuela; hori bai, estrategiaren diseinatzaileak kalte-ordain ederrekin joan dira (benetan joan al dira?).
Egungo Gobernuko alderdiek urteak daramatzate EITBren aurrekontua murriztu egin behar dela eskatzen. Talde mediatiko indartsuen jabe izanik, indar unionistek ez dute EITBren beharrik euren mezua zabaltzeko. Haatik, urteetan bestelako komunikabide gertuagoa bilatu izan duten hiritarrei «doktrinamendu nazionalista» -espainola- egiteko, badirudi PSOEk eta PPk EITB erabiltzeko aukera ez dutela galdu nahi: Estatua -barkatu, orain Espainia- beti lehen albistea, eta guztiaren testuingurua, musika eta kultura bera barne; EITB ez dela ezker abertzalearen bozgorailu mediatikoa izango -beste alderdiena bai, beraz? Eguzkia atzamarrarekin ezkutatzen saiatzen jarraituko al dute?-; tertuliak bakarrizketa bihurtuta; albiste «neutroak» gailentzen, ondorioz, neutralizatzaile bilakatzen ari dira.
Dena dela, zalantza bat pizten zaigu: doktrinamendua egin nahi dute, ala komunikabidea besterik gabe galbidean jarri? Hain zuzen ere, badirudi gaurko mandatariei bost axola zaiela zer gerta dakiokeen euskaldunon nortasuna eta erreferentzialtasuna berma dezakeen komunikabide publikoari. EITBren izaerak audientzietan bakarrik oinarritu behar ez badu ere, egungo datuek zuzendaritza berriak joera autosuntsitzailea duela pentsarazten dute. Berezko eskaintza informatibo eta kulturalik ez dute -ezta EAEkoa ere-, eta ikus-entzuleak beste komunikabideetara joaten diren ez zaie horrenbeste inporta. Galderaren erantzuna bata zein bestea izan, emaitza bera da eta berdin zaie: euskal nortasuna eta lurraldetasuna gara dezakeen komunikabide publikorik ez.
LAB aspalditik salatzen ari da EITBren eredu merkantilista eta bere ildo komunikatiboa, bakardade handian. Oraingoan, halere, badirudi euskal jendartearen sektore gehiago sentitzen direla kalteturik, bazterturik edota gauzak aldatu beharreko sentimenduarekin. Bejondeigula, beraz, eta sukar honek euskaldunok behar dugun komunikabide publikoa proposatzeko balio dezala bederen. Zerbitzu publikoa den heinean, kalitatekoa izan behar du; herritarrei begira, berezko nortasuna eta lurraldetasuna zainduz, tokiko komunikabideekin harremanak lehenetsiz; informazio politika bertakoa, objektiboa eta plurala; Gobernuan nor egon baldintzatu gabe, alderdi politikoek euren medioak baitituzte, EITB guztiona izan dadin, gardena eta benetako kontrol publiko sozialarekin. Egitura sendo eta publikoa behar du EITBk, non langileok izango garen, hain zuzen ere, aurreko printzipioen bermatzaile, tresnak edukiz gero.
Beraz, garai ona da gogoeta zabala eta sakona egiteko, egiturazkoa, euskaldunok nahi dugun ereduaz eta horretarako bermeaz.
(*) Andoni Basabe, Jose Mari Apaolaza, Juantxo Arozena, Segis Gonzalez, Jose Mari Isasti, Rafa Ramos eta Karlos Gebarak ere sinatzen dute artikulu hau.