GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Bigarren maila

Asier Riesgo prest legoke Tottenhamen jokatzeko

Debako atezainak talde bien arteko akordioa espero du, Ingalaterrako ligan minutuak izan ditzan behingoz.

p036_f02_148x108.jpg

GARA | DONOSTIA

Astebete Premier Leagueko Tottenham Hotspursekin entrenatzen ibili ostean, eta Harry Redknapp entrenatzaileak gustuko duela jakin ondoren, Asier Riesgo txuri-urdinen atezaina gertu azaldu zen Donostia utzi, eta denboraldia amaitu arte Londreseko taldean aritzeko. Jakina da Realeko entrenatzaile Martin Lasartek Claudio Bravo atezain txiletarraren aldeko hautua egin duela, eta, bestetik, honakoak behar duela izan debarraren azken urtea Realean. Bada, talde gipuzkoarrak atezaina debalde joan dadin nahi ez badu, orain du aukera. Iaz bertan, Huelvako Recreativon utzita jokatu zuen Asier Riesgok.

«Tottenhametik nire lanarekin gustura geratu zirela esan zidaten eta, ondorioz, Realarekin kontaktuan jarriko zirela. Ez dakit ados jartzeko zein tenoretan egongo diren eta, beraz, ez dakit zer gertatuko den; logikoa da alde bakoitzak bere interesei begiratzea, baina uste dut bi taldeek akordio baten bila hitz egingo dutela», adierazi zuen Riesgok.

Horrez gain, Londresen bizitako esperientzia «ona ona» izan zela onartu zuen Debako mutilak, nahiz eta Tottenhamek bera fitxatzeko asmorik duen ala ez arrastorik ere ez duela onartu. «Nik ere neronen interesei begiratu behar diet eta Londreseko esperientzia oso ona izan zela esan behar. Gogoa nuen Ingalaterrako ligako talde bateko giroa barrutik ezagutzeko eta, aukerarik balego, gustura itzuliko nintzateke».

Bestalde, Martin Lasarterentzat ere hitz onak izan zituen. «Bravok jokatu ez duen garaian nitaz oroitu da eta hori beti da eskertzekoa. Egoera zaila da ordezkoen artean edo harmailetan geratu behar izatea, udan ez genuelako ados jartzerik izan. Ea orain aukera honi heltzerik badugun, denon onerako».

Bere aldetik, Riesgok Reala utziko balu, Eñaut Zubikarai atezain ondarroarrak hartuko luke haren lekua. Horrez gain, okerrik ezean, Bravok Txilerekin Munduko Txapelketa jokatu beharko duela-eta, baliteke bizkaitarrak ligako azken zatian minutuak izatea.

Hala ere, Zubikaraik zuhurtasunez hartu zituen balizko mugimendu hauek. «Lan egiten jarraitu behar dut, aukerarik iristen bada prest egoteko».

aukerak

Maila oneko hiru atezain dauzka egun Realak. Lasartek txiletarraren alde egin du hautua, eta Riesgo erabili du Bravo jokatu ezinik izan denean. Riesgok Ingalaterran jokatzerik balu, Zubikaraik hartuko luke debarraren lekua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo