GARA > Idatzia > Ekonomia

Arabako Aldundiak Gobernu espainolarekin akordioa lortu du BEZaren 435 milioi berreskuratzeko

GARA |

Arabako Aldundiak 435 milioitan ezarri du Estatu espainolak itzuli beharreko diru kopurua, 1990tik 2005era arteko zerga ekitaldietan Zerga Agentziari oker ordaindutako Balio Erantsiaren gaineko Zergagatik (BEZ). Aldundiak atzo adierazi zuenez, Madrileko ordezkariekin itzuli beharreko zenbatekoa adostuta, azken bost ekitaldiei dagokiena izango da lehen ordainketa, 137,95 milioi eurokoa, eta laster sartuko dute Arabako diru-kutxan. Irizpideak ezarrita geratzen direnean, Arabako Foru Aldundiak gainerako 296,8 milioiak jasoko ditu.

«Rover enpresaren BEZaren itzulketa Arabako Aldundiaren irmotasun eta pertseberantziaren emaitza da, Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordean aurkeztutako erreklamazioari bururaino eutsi baitio», adierazi zuen alde horretatik Xabier Agirre ahaldun nagusiak.

Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordeak ekainaren 19an emandako ebazpenaren arabera, Gobernu espainolak 450 milioi euro inguru itzuli behar zizkion Arabako Ogasunari, Araiako lehorreko portutik Rover enpresak egindako eragiketen BEZarengatik.

Estatu espainoleko ordezkariek Auzitegi Gorenaren aurrean epaiaren aurka jotzeko asmoa adierazi zuten, baina Arabako Aldundiak beti eskatu du zorra «egikaritzea eta ordaintzea», helegitea aurkeztu edo ez aurkeztu

Eskatutako BEZaren ordainketa lortzeko, Arabako Aldundiak hainbat bilera egin ditu ordaintzeko diru kopuru zehatza finkatzeko, eta baldintzak eta ordaintzeko formula ezartzeko. Arabako Ogasun Sailak Gobernu espainoleko Ogasun Ministerioarekin izandako bilkuren ondoren, erakunde biek itzultzeko behin betiko diru kopurua 435 milioi eurotan jartzeko erabakia hartu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo