Valentzia II-ko kartzelariak hilabete gutxiko haur bati miaketa egiten saiatu dira
GARA |
Igaro den asteburuan makina bat izan dira euren senideak besarkatu, gertu sentitu eta ikusi gabe gelditu diren euskal pre- soak. Aurrez aurreko bisitetara sartu ahal izateko Euskal Herritik joandako senideak miaketetara behartzen dituzte kartzelariek eta asko eta asko dira horri uko egiten diotenak. Hala, milaka kilometro egin ostean euren senide presoak ikusi gabe etxeratu ziren lagunak. Egoera gogor honi erantzuteko Estatu espainolean barrena dauden espetxeetan euskal presoek borroka ugari abiatu dituzte.
Hala, Etxeratek bildutako datuen arabera, asteburu honetan Valentzia II espetxean Jorge Tximeno eta Jon Urretabizkaia aurrea aurrekorik gabe gelditu dira. Kartzelariek gainera, Txi- menoren urte eta erdiko semeari ere miaketa egin nahi izan zioten; amak horri uko egin, eta bisita egin gabe bueltatu behar izan zuten. Topasen, hiru astez segidan gertatu bezala, lau izan dira bisitarik gabe gelditu direnak eta astearte eta asteazkenetan itxialdiak abiatu dituzte protesta gisa.
Curtiseko espetxean sei preso politiko gelditu dira aurrez aurreko bisita gabe; Castello II-n hiru, eta bana Foncalent eta Brievako kartzeletan. Curtisen zein Brievan borrokaldian dira, azken honetan hilabete daramate aurrez aurrekorik gabe eta asteartetik ostiralera itxialdiak egiten hasi dira.
Segovia, Ocaña I eta Almeriako espetxeetan ere hiru aurrez aurreko bisita bertan behera geratu dira asteburuan eta Valdemoron dagoen Sebas Lasa presoak bikotearekin eta familiarekin izan beharreko aurrez aurrekoak galdu ditu egunotan.
Aranjuezeko espetxeak bi presoren senideak bi hilabetetan bisitarik egin ahal ez izatera zigortu ditu; Villenako espetxean Arkaitz Goikoetxearen amari hori bera egitearekin mehatxu egin diotela salatu du Etxeratek.
Ertzaintza Bilboko bi tokitan
Elkarteak beharrezko salaketa guztiak abian jarri dituela ohartarazi du, bai eta preso dituzten senide eta lagunak ez dituztela bakarrik utziko berretsi ere.
Miaketa saiakerak ugaritzen ari direla-eta, mobilizazioak ere egon dira gurean horren aurka protesta egiteko. Astelehenean Iurretan 28 lagun bildu ziren; Zaldibarren, Bermeon eta Ordizian 15, Otxarkoagan 16, Zorrotzan 17; Laudion 45; Santurtzin 55; Ataunen 28; Euban 8; Zaldibian 20; Añorgan 12 eta Altzan 28.
Atzo iluntzean, Ertzaintza Bilboko Indautxu auzoko Kirruli elkartean sartu eta presoen siluetak kendu zituen, ohiko argazkien ordez presoen silueta soilak baitzituzten jarrita.
Santutxun ere espetxea atzo utzi zuen Egoitz Fernandezi egin behar zioten harrera oztopatu zuten ertzainek eta herriko tabernara sartu eta presoen argazkiak eraman zituzten.