Aita santua hutsik gabekoa da; hala ere, Gipuzkoako erretore gehienek ez dute Munilla nahi
Aita santua hutsik gabekoa omen den unetik, Eliza katolikoa ezin da erakunde demokratikoa izan. Jakina, ez da erakunde politikoa ere, baina historian zehar ez da inoiz joera ideologiko eta politikoetatik kanpo egon, beti batzuen alde eta besteen kontra agertu izan baita. Bere baitan izan dituen gatazketan ere osagai ideologikoa ez da hutsala izan. Gaur egun ezarri duen ildoa Vatikanoko II. Kontzilioaren aurrekoa izanik, Elizaren norabidea aldatu nahi omen du, eta Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzain izendatu izana bat dator baieztapen horrekin. Kasu horretan, gainera, espainiar Elizako buruek badirudi garai bateko Mendebaldeko espirituaren erreserbatzat dutela Espainia, eta garai bereko balioak gidari, Gipuzkoan «separatismoa» borrokatuko duen apezpikuaren premia sumatzen zuten. Azkenik Munilla izendatu dute, baina badirudi ez dutela bilatutako efektua lortu. Herrialde horretako parrokoen %77k izendapen hori salatu dute, Vatikanoko II. Kontzilioa eta azken gotzainek landutako ildoa aldarrikatuta. Bistan da, beraz, Espainiako Apezpiku Batzarrak kontrako efektua lortu duela. Galdera inozoa da agian, baina zer egingo du Munillak egoera horren aurrean?