Laura Mintegi idazlea
Eta Madrilen, zer pentsatuko dute?
Imajina dezagun. Talde armatuko kideak izatea leporatuta, bost lagun epaituko dituzte hiriburuan. Eta hara non autobus bat betetzen den, eta dozenaka auto, bostehun kilometro eginda, epaituko direnei elkartasun adierazteko. Autobusa politikari, sindikalista eta intelektualez beteta doa, horien artean alderdi batzuetako buruak eta lurralde bateko ahaldun nagusia, besteak beste. Madrilera heldu eta zain dituzte ez dakit zenbat kazetari, mikrofono eta kamera. Eta inputatuak azaltzen dira, gizon helduak, jantziak, serenoak.
Zer pentsatuko dute Madrilen? «Estos vascos están locos» pentsatu beharko lukete, Obelixen modura. Zerbait ulertezina gertatzen da tamainako adostasuna sortzeko horren ezberdinak direnen artean: «Ez datoz bat ezta Parlamentuan gehiengoa lortzeko ere, eta orain eskutik lotuta doaz terroristei elkartasuna adieraztera. Zer da, bada, loctite gisa itsatsi egiten dituena horiek guztiak?».
Torrealdaik dio: «Guri egin digutena prozesu inkisitorial bat izan da». Eta Inkisizioa zer izan zen dakarkigu gogora, herri baten nahiak suntsitzeko saioa, saio frustratua. Imanol Muruak aletzen ditu, banan-banan, epaitu aurretiko zigorrak: atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, bermeak, itxierak, likidazioak, langileak kanporatzea, irakurle eta akziodunei kalteak, egunkari berrirako dirutza, auzibidearen kostu ekonomikoa... eta gehitu litezke tentsioa, etxekoen ardura, presio soziala, irain politikoa, inpotentzia sentsazioa. Otamendik dio: «Herri honek auzi politikoetako bat irabazteko garaia da». Eta norberak pentsatu du ez dagoela munduan horrenbeste bataila galduta gerra guztiak irabazi dituena.