GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Bere idoloak ez dira futbolari famatuak

 

Badut lagun txiki bat, sei urtekoa, oso-oso pozik dabilena azkenaldian. Olentzero datorrelako? Agian baita horregatik ere. Baina, batez ere, bere idoloak gertutik ikusteko aukera izan duelako dago txoratzen. Aste pare bat zeramatzan aldizkari hori besapean hartuta ikastolara joaten. Hantxe agertzen dira bere idoloak nongoak diren, zenbat urte dituzten... Detaile guztiak ditu buruan. Bere idoloak ez dira futbolariak, ezta marrazki bizidunetako borrokalari gartsuak ere. Ez dute egundoko txiribueltarik ematen eta ez dira salto batean piztia basati bihurtzen. Eta, hala ere, bere xumean eta kasik geldirik, Ronaldoren maitale izan daitezke lehendabizi eta Olentzeroren konplize geroxeago.

Telebistaz ikusi zituen igandean, eta negar malko potoloak bota zituen, larrituta, Ametsen izena entzun zuenean. Berak Maialenena entzun nahi zuen eta sei urterekin pazientzia ez da soberan izaten. Maialen bere bertso eskolakoa delako nahi zuen hura amaierara iristea. Nola poztu zen txapelarekin ikusi zuenean! Berriz ere jolastuko da gehien gustatzen zaion jolas horretan, txapela jantzi eta jostailuzko mikroaren aurrean jo eta su arituko da. Hurrengo egunean gerturatu zen Hernaniko udaletxera bere idoloak bertatik bertara ikusteko. Eta lotsatu egin zen, eta bere arreba txikiak bildu behar izan zituen sinadurak, bera mela-mela eginda zegoelako. Berak agintzen zion arrebari norengana joan sinadura bila. Aldizkarian tolestuta jaso du sinaduren papertxoa eta bere altxorren kaxan gorde du. Barre txikiak alde egin dit nire laguntxoak eta nik idolo berak ditugula konturatzean.


 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo