Txillardegi
Norvegia 1905
Aldika Danimarkaren menpean, eta aldika Suediarenean egona, Norvegia 1905ean sortu zen erresuma askatu gisa. (...)
Norvegiak bortizkeriarik gabe lortu zuen askatasuna. Hori egia da.
Suedia gogor jarri zen norvegiar «separatisten aurka», eta erresuma batua puska ez zedin neurri politikoak eta militarrak hartu zituen.
Baina norvegiar abertzaleek Michelsen alde bat eginik, borrokarako prestatu ziren 1905ko ekainean.
Michelsenen gobernu abertzaleak erreferendum bat antolatu zuen urte bereko udan, eta gehiengo guztizkoaz irabazi zuen.
Hori ikusita Suediak onartu egin zuen Norvegiaren askatasuna 1905eko urrian. (...)
Hori guztia orain dela mendebete gertatu zen; eta mundu guztiko gobernu guztiek eman zuten ontzat erresuma berria.
Gertakariok nolabait «ikusteko» aski du irakurleak Grosselin-Delamarche-ren Atlas de Géographie famatua begiratzea (Ed. Bertaux, Paris, 1869).
Kolorezko mapaz horniturik, hor agertzen da Europa nola zegoen XIX. mende amaieran.
Mila aldiz begiratu izan ditut mapa argitsu haiek; Europa politikoa ondoko urteetan noraino aldatu zen neurtzeko.
Turkiarrek Esloveniarainoko lurralde osoa kontrolatzen zuten: geroko Jugoslavia, Bulgaria eta abar.
Austria-Hungariako inperio zabaletik, berriz, ezer gutxi gelditu da; Austria eta Hungaria ttipituak izan ezik.
Irlanda Ingalaterrako parte agertzen da, eta kolore berean.
Suomi eta erresuma baltikoen arrastorik ez dago: dena Errusiaren menpean. Eta abar.
Itzul gaitezen gu orain Suedia eta Norvegiaren lurraldeetara. Begira dezagun xeheki 67. mapa. Norvegia eta Suedia batuta agertzen dira, larrosa kolore bakar batez. Eta «Oslo», jadanik esan dugunez, «Christiania» da oraindik.
Badantzut: «Aspaldiko kontuak dituk horiek». Eta hala da.
Baina estatuen arteko mugen sakratutasuna ez da inon ageri. Ipuin hutsa da. Gaurko estatuek asmatutako ipuina da.
Noski. Espainia ez da Suedia. Ondo dakit eta dakigu. (...)