GARA > Idatzia > Kultura

Hogei euskal artisten obra abstraktuak ikusgai Sainte Eugeniu kriptako erakusketan

Hogei artista biltzen dituen Post Pictura Pictura Est kolektiboa osatu berri da Alain Guesdon Baionako margolaritza eskolako irakasle ohiaren inguruan. Lehen erakusleiho gisa Biarritzeko erakusketa ireki dute.

p051_f01.jpg

Ainhize BUTRON |

Abstrakzioa eta materiaren erabilpena lotzen ditu Biarritzeko Sainte Eugenie kriptan ikusgai den hogei artisten erakusketak. Kolektibo batean antolatuta izateaz eta ildo berdinarekin lan egiteaz gain, beste puntu komun bat ere badute artista guztiek: Alain Guesdon irakaslea. Azken hori Baionako margolaritza eskolan aritu da 30 urte inguruz helduei margolaritza klaseak ematen. Jubilatu berri dela-eta, bere ikasle multzo batekin Post Picture Pictura Est taldea osatzea erabaki du; orain Biarritzen egiten ari dena, taldearen lehen erakusketa da.

Erakusketaren aurkezpenean, artista guztiek Guesdonek beraien obran eta ibilbidean izandako garrantzia aitortu zuten. Irakasleak, bere aldetik, aspaldiko adiskidetasunak bultzatuta erabaki zutela biltzea azaldu zuen. «Urtez urte gure artean lotura handia mantentzea lortu dugu», onartu zuen Guesdonek.

Artista amateur zein profesionalek osatzen dute taldea. Halere, izendapen horri dagokionez, Guesdonek ñabardura bat finkatu nahi izan zuen: «Artea maite dugun eta gure barnea kontuan izanez lan egiten dugun artistek osatzen dugu kolektiboa».

Izan ere, Guesdonek irakasle bezala izandako helburu nagusia ez zen margotzen irakastea, gai ezberdinen bidez barne galderak pausatzen laguntzea baizik. «Margolaritza ez da irakasten. Nire klasea trukaketa gunea zen, horrek obran bilakaera bat izatea laguntzen baitu», gehitu zuen.

Alain Guesdonek onartu nahi ez bazuen ere, irakaslearen marka nabarmentzen da kriptan aurkitzen diren obretan. Irakaslearen margolan abstraktuek zabaltzen dute erakusketa, hain zuzen ere. Ondotik, erakusketan hormaz horma agertzen diren zizel lan eta margolanetan, abstrakzioa eta materiaren erabilpenaren teknika nagusitzen dira, Guesdonen beraren obran bezala.

«Lana elkarrekin egiteko gogoa daukagun artistek osatzen dugu taldea. Ustekabean ezagutu dugu elkar, nire tailerrari esker. Ikasle asko ibili da nire klaseetan, baina asko kanpora joan dira edo artea bertan behera uztera behartuak izan dira. Kolektiboa osatu dugunon artean adiskidetasuna ere sortu da», argitu zuen Guesdonek.

Erakusketak hiru astez iraunen du. «Eguberriak direla-eta, nahi genuen animazio berezi bat antolatzea kripta honetan. Usaian izen handiko artistentzat atxikia da kripta, eta abenduan itxita egoten da. Baina, oraingo honetan, lekuko artistekin hitzordu nagusi bat finkatu nahi izan dugu», nabarmendu zuen Biarritzeko kultur arduradunak. Horrela, Camille Claudel, Cesar, Viallat edo Afrikako eta Asiako artearen erakusketak egin ondoren, gunea lekuko artisten esku uztea erabaki du herriko etxeak.

New Yorkeko operak, zuzenean Biarritzen

Maiatza artean ekimen berezia egingo da Biarritzen: Gare du Midi aretoan finkatuko den pantaila handi baten bidez, New Yorkeko Metropolitan Opera Houseko emanaldiak zuzenean ikusteko aukera izanen da. Herriko etxeko kultur arduradunek honakoa nabarmendu dute: «2009ko urtarrila eta maiatza artean hasi genuen ekimena, eta 2.000 ikusle bildu genituen Gare du Midin». Metropolitan Opera Housek antolaturiko ekimenak munduko 600 lekutan operak zuzenean preziatzeko aukera ematen du. «Kalitate handiko irudiak dira; ikusgarria da. Elkarrizketak eta operaren barne bizia ere ikus daitezke gainera». A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo