Julen MURGOITIO
«Lara lara laralala»
Gaur amaitzen dagoen astean Kuban izan naizen sentipena izan dut une oro zirrara. Hango zigarro bat erretzear ere izango nintzatekeen ni erretzailea izan banintz. Bai, egia, aurreko domeka gauean hasi eta orain arteraino ezin izan dut, inondik inora ere, habanera doinua burutik aldendu. Berdin zen non eta zertan nengoen, autobusetik komunera, erditik bazterrera «lara lara laralala lara lara laralala» doinuak harrapatuta ibili naiz. Are gehiago, atzamar puntak berak ere neke-neke eginda ditut, doinua bururatu ahala silabak kontatzen jardun baitut, neurria neurri. Ene, ene! zenbat bider ez nuen, bada, potoa egingo aste honetan! Bertsolari handiak norteko ferrokarrilari begira trenak ur hotzak zebilzkiela konturatzean agertu zuen sentipen hura, mundua aldatzen hasita zegoenekoa, nik ere sentitu dut egunotan, beti ere habaneraren doinupean. «Lara lara laralala lara lara laralala». Zortzi, zortzi. Horra, Bake nobeldun berriak ahopean esana, Kubako Guantanamon ez da gehiago AEBen Guantanamo izango. Ikusi behar sinisteko! Itxura batean, AEBetara bertara eramango dute AEBen Guantanamo; harresiak, zaindariak eta presoak, seguru, lur-orubea bera batek daki! Miamira ote? Miamitarra, guajira miamitarra... Horra ere, Kolonbian orain arte nor bere bidetik ibilitako gerrilla taldeek bat egitea deliberatu dute, AEBek lurralde horretarako egokitu nahi duten jardunaren aurka egiteko; bat egite hori benetan indartsu gauzatuko balitz orduantxe sinistuko nuke nik Etxe Zuriko maizterra bakearen alde ari dela Hego Amerikan. Mundua aldatzen hasi da, bai. Antxoa bera bueltatu ei da. Tira, bueltatu nadin lur aldera, bertsolaria harritu zuen trenbidera. Lehengoan irakurri dut euskal prentsan, Akitania-Euskadi zer horren harira, hango erregioaren buruak esandakoa, hots, «AHTari esker bordelesak Guggenheim bisitatzera joaten ahalko direla autorik hartu gabe!». Hau kolpea! A63 eta A8ko errei bana itxiko zutela pentsatu nuen neure erraietan, hirugarrena zabaltzen ari zirela konturatu arte. Demontre, lerdo honelakoa! Eta dardarka hasi naiz Urdaibain beste horrelakoa eraiki gura dutela gogoratuta. Bonbardaketa era berriak. Ez nau harritzen bertokoek Urdaiez esatea! Presioa egin beharko da, atzo Bilboko kaleetan egin bezala, bor-bor, batzuen barometroak neurtzeko moduko presioa. Hitzak hutsik utzi ez ditzagun. «Lara lara laralala lara lara laralala».