Iñaki Lasa I Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduraduna
Bihozmina
Badirudi euskararen sustapena aparteko zerbait dela eta ez gara ohartzen sustapenik hoberena eguneroko jardunean normaltasunez txertatzea dela
Hor ibili da, berriz ere, EITB herritarren dirua bildu nahian maratoi baten bitartez. Ez dut oso garbi ulertzen zergatik eskatu behar diguten herritarroi dirua Administrazioak egin beharko lukeen zerbaitengatik, baina, tira!, bihoztia izango naiz gai horrekin eta bere horretan utziko dut. Oraingoan, bihotzerrea eragin didana kanpainaren leloa da: «I love my heart».
Ez dut gai horrekin bihozbera izan nahi, ez baitut onartzen gure agintariek ingelesa leku guztietan erabiltzeko duten joera. Zer ekarpen egiten du kanpaina honetan ingelesezko leloak? Zergatik ezin zuen «Bihotzez» izan, esate baterako? Tamalgarria iruditzen zait, benetan, euskara sustatzeko aukerak galtzea. Badirudi euskararen sustapena aparteko zerbait dela eta ez gara ohartzen sustapenik hoberena eguneroko jardunean normaltasunez txertatzea dela. Kanpaina honetan leloa «Bihotzez» izan balitz, oraindik euskara ez dakiten herritarrek zerbait gehiago jakingo lukete eta euskara beste gai batzuekin lotuko lukete. Aukera galdua, dudarik gabe.
Baina, ez da hor bukatzen ingelesaren presentzia; dirua eman behar izan dugu Call Center delako leku batean. Zinez, ez dut ulertzen zergatik deitu behar zaion horrela deiak biltzeko lekuari. Egon badago, herritarra nahasteko aukera, ziur bainaiz gehien- gehienek ez dakitela zer den delako center hori, baina, hala ere, berdin da, etengabe, behin eta berriro Call Centerrera deitu behar dugula esan digute.
Ingelesa sustatzeko asmoa ikusten dut hemen, Nafarroako Migel Sanzek lotsarik gabe egiten duen politika berbera, hain zuzen ere. Ingelesa artifizialki sustatuz euskararen garapen aukerak murrizteko asmorik ez ote dagoen ere pentsatzen hasia naiz.
Izan ere, nekez uler liteke Gipuzkoan, mundu osoan parekorik ez duen eta lehen harria jaso berri duen sukaldaritza eskolari Basque Culinary Center deitzea eta, gainera, klaseak gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko dituen proiektua izatea, euskara sukalketan aritzeko desegokia balitz bezala. Gure sukaldariek zerbait esan beharko luketelakoan nago. Bihozkada izan dut eta Culinary Centerren webgunea aztertu eta hara non Culinary Centerrek webgunea gaztelania hutsean duela aurkitu dudan. Euskararentzat lekurik ez dago, Mondragon Unibertsitatearen sostengua badu ere. Agian, horren sostengua duelako gertatu da, izan ere, MCCk bere webguneari orain Mondragon Corporation deitzen dio eta bere leloa «Humanity at work» da. Euskarak ez du balio leloak sortzeko, nonbait.
Bihotzekoa eragingo didazue horrela segituz gero, ez baita politika berria. Bilbao Exhibition Center edo BBK Live Festival ere gisa bereko adibideak dira. Nork erabaki du ingelesezko izendapena erabili behar dela Euskal Herrian egiten dugunaren berri emateko aukera eskaintzen diguten proiektu horietan? Nor dago erabaki horren atzean?
Bihotzeko gaitzak sendatzeko dirua bildu duzue eta bihozmina eragin; bihotzez opa diot gisa bereko beste erabaki bat hartuko duenari bihotzerre edo heartburn pixka bat, gauero.