Herri kantak biziberritu zituen Anaitasunako kontzertuak
Oskorrik eta Iruñeko Peñen Federazioak bat egin zuten atzo Anaitasunan ospatu zen Eguberrietako Kontzertua eskaintzeko. Nafarroa osoko musika eskolen parte hartzeaz gain, ikusleek ere kantatzeko aukera izan zuten herri kantetan oinarritutako festa parte-hartzailean.
GARA |
Urte askotako ibilbidea izateko jaioa den Iruñeko Eguberrietako Kontzertuaren ekimenak lehen pausua eman zuen atzokoan. Anaitasuna pabiloiak jaso zuen, 19.30etik aurrera, Oskorrik eta Iruñeko Peñen Federazioak elkarrekin antolatutako ekitaldia. Bertan, hamazazpi herri kanta entzuteko aukera egon zen, kontzerturako zehazki moldatutako partitura eta guzti.
Herri kanten izaerarekin bat eginez, festa parte-hartzailea izateko intentzioarekin antolatuta zegoen atzoko hitzordua. Hori dela eta, atzokoan letrak irakurtzeko pantaila bat jarri zuten Anaitasunan herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoz. Horrez gain, Nafarroa osoko musika eskolek, bandek eta koruek ere hartu zuten parte. Horiek, Oskorrirekin batera, instrumentu guztientzako partitura erraz baina landuak prestatu zituzten.
Bandekin bat
Natxo de Felipe Oskorriko abeslariak azaldu zuen bezala, bandekin lortu duten harremana berezia da oso. «Ez genuen mundu hori ezagutzen, baina orain dela pare bat urtetik hona, oso harreman politak izan ditugu bandekin `Oskorri Banda Band' diskoaren bidez». Ekimen honekin bi helburu argi izan dituztela nabarmendu du De Felipek. Alde batetik, jendearekin ondo pasatzea, eta, bestetik, «antzinako kantuak berrekuratzea».
Diskoaren ondoren jaio zen The Pub Ibiltaria, eta, urrats gehiago emateko asmoz, «kantuak bandako instrumentu guztietara moldatzea» erabaki zuten. Horretan oinarritu zen atzoko kontzertua. Hala ere, ez zuten grabatu. «Kantu guztiak grabatuta eta editatuta daude jada». Horregatik, atzo zuzenean goxatzeko parada bakarrik eskaini nahi izan zuten, eta, egiari zor, lortu zuten. Balorazioak egiteke dauden arren, bizitako giroak hurrengo urteetan ekimena errepikatzeko itxaropena piztu du.