Txistularien bandak eta Kantika abesbatzak bat egingo dute gaur
GARA |
Bilboko Txistularien Udal Bandak Gabonetako Kontzertua eskainiko du. Tradizioari jarraituz, Leioako Kantika abesbatza osatzen duten 50 neska-mutilekin batera eskainiko du. Aurreko urteetan kontzertu honek izan duen arrakasta dela eta, Euskalduna jauregian ospatzea erabaki zuten arduradunek. 20.00etan hasiko da hitzordua eta doakoa izango da.
Kontzertuan «Gabon gabean» edo «Goazen goazen guztiok» kantu tradizionalak entzun ahal izango dira. Horrez gain, Bilboko Txistularien Udal Bandak, Kantikako neska-mutilekin batera, Jose Ignacio Ansorena, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Zabaletak abesbatza estiloan eta txisturako moldatutako hainba abesti ere interpretatuko dituzte.
2001. urtean jaio zen Kantika abesbatza Leioako Udal Kontserbatorioan Basilio Astulez zuzendariaren ekimenari esker. Astulez Arte Ederretan lizentziatua da eta 10-17 urte bitarteko gazteek musikaz goza dezaten lanean aritu da bere ibilbidean; hain zuzen ere, ideia horretatik jaio zen Kantika abesbatza. Kantikak zenbait disko kaleratu ditu eta Aquiles Machadok eta Maria Bayo sopranoak protagonizatutako ABAOko «La Bohéme» ikuskizunean parte hartu du.