GARA > Idatzia > Mundua

Osasun erreforma aurrera eraman ahal izateko babesa lortu dute demokratek

Barack Obamaren Alderdi Demokratak osasun sistemaren erreforma onartu eta oposizio errepublikarraren betoak blokeatzeko beharrezkoa den gutxieneko babesa lortu zuen atzokoan. Orain, lege proposamena Senatuan ahalik eta azkarren bozkatzea da demokraten helburua.

GARA |

Ben Nelson legelariak AEBetako osasun erreforma babestuko duela iragarri zuen atzo eta, horrenbestez, Alderdi Demokratak Senatuan gehiengoa lortu du erreforma onar dadin.

Nebraskako senatari demokrataren baiezkoarekin, beharrezkoak diren 60 legegileen babesa ziurtatu dute Obamaren aldekoek -100 legegile daude guztira Senatuan-. Era horretan, oposizioak aurkez ditzakeen betoak blokeatzeko ahalmena izango dute. AEBetako presidente Barack Obamak bere prestigio politikoa jarri du jokoan osasun sistema eraldatzeko proiektuan.

Nelsonek zalantza handiak zituen osasun erreforma babesteko, bere ustez abortuaren aurkako neurriak barneratu behar zituelako. Nebraskako legelaria abortu eskubidearen aurkakoa da eta legeak haurdunaldia eteteko diru publikoaren erabilpena debeka zezala nahi zuen; azkenean, lortu egin du.

Legegileak eraldaketari babesa publikoki adierazi baino lehen, Harry Reidek prentsaurrekoa eman zuen Senatuan gehiengoa duen Alderdi Demokrataren izenean. Bertan, erreforma proiektuan eginiko zenbait aldaketen berri eman zuen, tartean Nelsonek proposatutakoak.

«Osasun sistemaren erreformaren alde bozkatuko dut. Izan ere, egungo osasun sistemaren prezio altuak asko murriztuko zaizkie erreformarekin Nebraskako familia, langile eta talde nekazariei», nabarmendu zuen Nelsonek, eta pozik agertu zen bere proposamenak aintzat hartuak izan direlako.

Reidek, ostera, Nelsonen babesarekin erreforma onartzeko behar dituzten 60 botoak badituztela azaldu zuen, hilabete luzez eztabaidan eta negoziaketetan aritu ondoren.

Negoziazio luzea

Negoziazioen eraginez, demokratek asmo handiko erreforma proiektua nabarmen murriztu behar izan dute. Hala eta guztiz ere, Alderdi Demokrataren proposamenaren azken bertsioak 30 milioi estatubatuarrei egun ez duten osasun estaldura ematea zehazten du. Erreformaren puntu azpimarragarrienetakoen artean aseguru enpresei gaixo dauden herritarrei estaldura ukatzea debekatzen zaiela dago.

Nelsonen iragarpenaren ondoren, lege proiektuaren bozketa urte amaiera baino lehen egitea nahi dute orain demokratek. Senatuko bozketa Eguberri egunean bertan egitea ere litekeena da.

Azkenaldian oposizio errepublikarrak bere kritikak areagotu ditu. Errepublikarren buru Mitch McConnellen arabera, neurria «proportzio historikoetako akats legigilea da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo