Hegalak kili-kolo izan arren, hegan egitea posible dela erakutsi nahi dute Madrilen
A. G. I
Eurocup txapelketan ez bezala, ligan ez dabil oso fin Bizkaia Bilbao Basket. Une bikainak eta negargarriak errazegi tartekatzen ditu eta horrela nekez lor liteke gorantz egiterik. Lau partida irabazita, hobe du talde bilbotarrak urtea amaitu aurreko azken neurketetan garaipenak pilatzea jaitsierako postuen zulo ilunetik urruntzea nahi baldin badu.
Baina gorantz hegan egitea zaila egingo zaio Bizkaia Bilbao Basketi, hegalak kili-kolo dauzka-eta. Alde batetik, Unicajaren aurka Chris Warren beste behin lesionatu zen eta, bestetik, Alex Mumbruk atseden hartu behar izan du astean zehar gainkarga bat dela-eta; hala ere, partidarako prest egongo da kataluniarra. Ondorioz, Paco Vazquez, Unicajaren aurka jokalari zerrendatik at geratu ostean, berriro beltzez jantziko da bere esperientzia eta lana kantxan azaltzeko asmoz.
Gaur eguerdiko aurkaria, Estudiantes alegia, arerio gogorra da. Vidorretaren mutilek baino garaipen bat gehiago pilatuta, azken urteotako sufrimendua albo batera utzi eta hamargarren lekuan dira uneotan madrildarrak. Oliver, Caner-Medley, Ahearn eta Gabrielen fitxaketek egonkortasuna eman diote Jasen-Suarez-Popovic bizkarrezurrari eta Kopa dute helburu.
Dena den, etxean oraindik ez dute kanpoan eman duten maila erdietsi eta, hori gutxi balitz, azken bi denboraldietan bilbotarrek garaipena eraman dute Estudiantesen kantxatik.
Errebotea zaindu beharra
Gaurko partidaz Txus Vidorretari galdetuta, beste ezeren gainetik errebotea ongi zaintzeko beharra azpimarratu zuen. «Estudiantes da erasoko errebotea hobekien kargatzen duen taldea. Aldiz, guri gure uztaipeko erreboteak harrapatzea asko kostatzen zaigu. Min handia egin diezagukete alde horretatik eta kontuz ibili beharko dugu», onartu zuen Indautxukoak.