GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xabier De la Maza atxilotu dute, gazte mugimenduaren aurkako sarekadarekin lotuta

Xabier De la Maza ostiral gauean atxilotu zuen Polizia espainolak Gorlizen, bere etxetik gertu. Polizia iturrien arabera, gaztea inkomunikatuta dago eta datozen orduotan Madrilera eramango dute.

GARA |

Xabier De la Maza Peña atxilotu zuen ostiral gauean Polizia espainolak, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Polizia iturriek esandakoaren arabera, datozen orduotan Madrilera eramango dute. De la Maza inkomunikatuta dago. Atxiloketa azaroan gazte independentisten aurka egindako operazioa erraldoiarekin lotuta dagoela zabaldu zuten atzo informazio agentzia espainolek.

Atzo jakinarazi zutenez, 21 urteko gaztea ostiralean, 22.40an, atzeman zuen Polizia espainolak Gorlizen, bere etxetik gertu. Polizia iturriek zabaldu zutenez, Segiren aurkako operaziotik, azaro bukaera partetik, «ihes eginda» zegoen; aldiz, ostiralean bere etxetik gertu atxilotu zuen Poliziak.

Gorlizetik Gaztesareara bidalitako oharraren arabera, ostiral gauean «espainiar indar polizialetako bi kidek» gazte bat atxilotu zuten herrian. Oharrean azaltzen denez, polizia horiek «kalez jantzita» zihoazen eta gaztea «etxean» atxilotu zuten. Xabier De la Maza gaztearen lagunak hura atxilotzen ari zirela jakin eta zer gertatzen ari zen galdetzera abiatu ziren; orduan, «poliziek atxilotuaren lagunak pistola batekin apuntatu zituzten».

Azaroaren 24an, Segi gazte erakundearen kontrako operazio zabala agindu zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egindako operazioan, 34 gazte atxilotu zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak -eta beste bat abenduaren 2an-; horietako 32 espetxera bidali zituen epaileak Segi «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta.

Atxilotuak inkomunikatuta egon ziren Auzitegi Nazionalean epailearen aurrera eraman zituzten arte. Epailearen aurretik pasa zirenean ere, inkomunikatuta zeuden oraindik eta, ondorioz, konfiantzazko abokatuak izatea ukatu zitzaien. Gazte gehienek inkomunikazio egoerak iraun bitartean tratu txar eta torturak pairatu zituztela salatu dute.

Egunak igaro ahala hasi ziren gazteek jasandako tratu txarren testigantzak azaleratzen. Besteren artean, inkomunikatuta egon ziren bitartean, ukipenak, bortxaketa simulazioak, buruan eta genitaletan etengabeko kolpeak, poltsa edota presio psikologikoak jasan zituztela salatu dute operazio erraldoian atxilotutako gazte gehienek.

Gazte independentisten aurkako operazioa salatzeko asmoz, 20.000 lagunetik gora bildu ziren Bilbon azaroaren 28an egindako manifestazioan. «Proiektu guztiak, eskubide guztiak» lelopean, gazte independentistek epaileei, politikariei eta polizia espainolei bidalitako mezua argia eta ozena izan zen: «Ez gaituzue geldituko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo