Final-laurdenetarako ateak, zabalik
Lapurtarrek norgehiagoka ona egin zuten, eta bigarren zatian jaun eta jabe izan ziren. Hurrengo fasean izango dira zuri-gorriak.
Biarritzek final-laurdenak jokatzeko ateak zabal-zabalik ditu atzo Newporti irabazi ostean. Matematikoki ez dauka oraindik txartela lortuta, baina hurrengo jardunaldian lor dezake. Jokatutako lau partidak irabazi ditu, eta multzo guztietako taldeak kontutan hartuta, zuri-gorriak dira onenak.
Egun bateko atzerapenak ez zion inongo kalterik egin Biarritzi. Atzo ere Newport baino askoz gehiago izan zen, eta berriro ere behar zuena ongi egin zuen; bide batez, garbi utzi zuen multzoko beste taldeen gainetik dagoela, nahiz eta lehen zatian sufritzea eta lana gogotik egitea egokitu zitzaion.
Partida bikain hasi zen euskaldunentzat, ekin eta berehala heldu baitzen Yachviliren zigor kolpea. Aldiz, pozak ez zuen gehiegi iraun, etxekoen lehen erasoa entsegu batekin amaitu baitzen.
Hortik aurrera, ordea, zuri-gorriek erasora jo zuten, eta Yachvilik beste zigor kolpe bat gauzatu ostean partidari buelta eman zioten. Aldiz, atsedenera joateko minutu bat falta zela, etxekoak jarri ziren aurretik zigor kolpe bati esker. Emaitza ez zen oso normala, ez behintzat bi taldeen merezimenduak ikusita; hori bai, lehen zatiko azken jokaldian Yachvilk bere hirugarren zigor kolpea gauzatu eta 8-9 aitzinetik joan ziren atseden hartzera lapurtarrak.
Alde handia
Bigarren zatian, gauzak asko aldatu ziren. Hala, azkenerako bi taldeen artean zegoen aldea agerian geratu zen. Euskaldunak jaun eta jabe izan ziren, baloiaren jabetza izan zuten, eta etxekoei ez zieten puntu bakar bat egiten utzi. Horri esker, garaipen erosoa lortu ahal izan zuten, amaieran puntu gehigarririk lortu ez bazuten ere. Azken bi garaipenak primeran etorriko zaizkio Biarritzi ligari gogoz ekiteko.
Dimitri Yachvili izan zen atzoko norgehiagokako jokalaririk onena, eta, ondorioz, lapurtarren jaurtitzailea oso gustura zegoen. «Bagenekien norgehiagoka oso zaila izango zela, baina buruarekin jokatzen jakin dugu, eta amaieran garaipena heldu da», nabarmendu zuen.
Partida egun bat atzeratzeak apur bat nahastu zituela ere onartu zuen. «Egia esan, partidarako prest geunden, eta egun bat atzeratuko zela jakitean apur bat nahastu ginen. Aldiz, gero burua hotz izaten jakin dugu, eta hori da balio duena», adierazi zuen.
Egin beharreko lana oraindik ez dela bukatu ere ohartarazi zuen: «Gure egoera ezin hobea da, sailkapena ia eskuetan dugu, baina hau ez da bukatu. Oraindik bi partida geratzen dira; hori bai, lehendabizi hurrengo partida irabaztea bakarrik izan behar dugu buruan». J.L.