GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MANIFESTACIÓN EN APOYO A «EGUNKARIA»

Adierazpena

 

p002_f05.jpg

Adiskideok, arratsalde on!

Eguraldiak eman ez diguna zuek eman diguzue, zuen presentzia erraldoiarekin, zuen beroarekin. Horregatik arratsalde on.

Eskerrik asko, Bilbora etorri zareten guztioi. Eskerrik asko etorri nahi eta ezinean geratu zareten guztioi ere.

Hemen gaude guztiok. Egunkariak biltzen gaitu. Bildu beharra dauka herri honek.

Madrilgo Auzitegi Nazionaletik iritsi berriak gara.

Hotz handia egiten du han. Eta egun hotz honetan, ziur naiz ondo ulertzen duzuela zertaz hitz egiten ari naizen. Manifestazio honetan bildu garen guztiontzat egiten du han hotz handia.

EGUNKARIAko auzipetuokin batera beste hamahiru gazte eta euren lagun zein senitartekoak aurkitu ditugu egunotan Auzitegi Nazionalean, haiek ere epaiketa bati aurre egiteko prest. Hotz berdina egiten zuen han denontzat.

Bihoakie gure besarkada. Eta bihoakie bereziki elkartasunezko gure besarkada, laster batean gu bezala epaituko dituzten Udalbiltzako kideei ere.

Adiskideok, hotz handia egiten zuen duela zazpi urte ere Guardia Zibilek Madrilgo Tres Cantos-eko kuartel nagusira eraman gintuztenean. Bide bazterrak elurturik ikusten genituen zirrikituetatik, burumakur, autoetan sartuta abiada bizian eraman gintuztenean. Hotza egiten zuen bakarturik, ostikoka eta irainka ibili gintuzten leize-zulo ilun hartan. Gutariko batzuentzat kartzela ere etorri zen gero.

Hotz handia, zazpi urte hauetakoa ere.

Zuen guztion berotasunagatik izan ez balitz, euskal gizarte zabal eta askotarikotik, gu geu bezalako herritar arrunten aldetik, erakunde sozialetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, instituzioetatik, adierazi zaigun beroagatik izan ez balitz, honezkero gogortuta geundekeen ahazturaren zoko beltzean.

Horren ordez, aste honetan bertan burua ondo goian dugula agertu gara Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Ez gure gogoz. Duela zazpi urte bezala, gure borondatearen aurka. Baina zuei esker, burua ondo altxata oraingoan.

Eta horrela joan eta itzuliko gara urtarrilean zehar, ezarri diguten egutegiaren arabera. Zuei esker, burua goian dugula.

Mila esker, guztioi, beste behin ere. Mila esker, zelan edo halan babesten gaituzuen euskal herritar guztioi eta bakoitzari. Gure eta gure familien izenean, mila esker Euskal Herria!

Ez da gugatik. Badakigu zergatik izan zen: EUSKARA bera eraso zutelako eta hizkuntzarekin batera euskaldunok eraso gintuztelako; munduan euskara hutsean argitaratzen zen EGUNKARI bakarra eraso zutelako; euskal herritarrari izaera, nortasuna, ematen dion euskara, euskal herritarrak maite duen euskara, jipoitu zutelako... horra zergatik esan zuen euskal jendarteak NAHIKOA DA, ASKI DA, duela zazpi urte. Eta orduko moduan orain ere.

Horregatik diogu gaur, ozen, mundu zabalak entzuteko moduan: EGUNKARIA LIBRE.

Ez dugu nahi gure aurkako zigorrik. Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten.

ABSOLUZIOA da injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra.

Ez dugu Justiziarik espero, ordea. Jada ez. Justiziak, gure absoluzioaz gain, kalteen ordaina eta txikizio honen errudunak akusatuen aulkian zigortzea eskatuko luke.

Ez dugu hori espero. Baina gutariko bakoitza eta guztion absoluzioa baino gutxiago den ezer ez dugu ontzat emango.

Adiskideok, amaitzeko, EGUNKARIA librea zelako itxi ziguten.

EGUNKARIA sortzeko libertatea hartu genuelako zigortu gaituzte zazpi urte hauetan.

Ez dadila berriz ere antzeko bidegabekeriarik gerta!

Euskaldunok, euskal herritarrok, libre bizi nahi dugu, EGUNKARIA libre izango den Euskal Herri librean.

Eskerrik asko, eta AURRERA!

Bilbon, 2009ko abenduaren 19an

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo