GARA > Idatzia > Ekonomia

Vital Kutxa, BBK eta Kutxaren bat-egitea 2011rako aurreikusi du Aguirre sailburuak

Carlos Aguirre Lakuako Ekonomia eta Ogasun sailburuak 2011rako iragarri du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kutxen bat-egitea. Horiek «ondo doazenez», prozesua burutzeko premiazko beharrik ez dagoela esan du.

p025_f02_148x92.jpg

GARA |

Carlos Aguirre Gasteizko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburuak 2011. urterako aurreikusten du BBK, Vital Kutxa eta Kutxaren arteko bat-egitea, atzo Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez. Esan zuenez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aurrezki kutxek legealdi honetan egingo dute bat, «baina ez 2011 baino lehenago».

Aguirrek gogorazitakoaren arabera, Estatu espainoleko beste autonomia erkidego batzuetan dagoeneko kutxen bat-egiteak ematen ari dira. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru aurrezki kutxak «ondo doazenez», prozesua burutzeko premiazko beharrik ez dago oraingoz. Aguirreren ustez baina, «EAEko entitateak ezin dira geldi geratu beste batzuk aurrera doazen bitartean».

Ildo horretan, honakoa aurreratu zuen Aguirrek: «Hurrengo urtean mozkin tarteen estutzea jasango dute finantza entitateek, berankortasun handiago batekin eta guzti». Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki kutxen bat-egitea legealdi honetan emango dela aurreikusten du. Adierazi zuenez, prozesuaren kudeaketa 2010ean ematen baldin bada, fusioaren gauzatzea ez da 2011 baino lehenago emango.

«Eszenatoki hobea»

Bestalde, 2010. urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiak «eszenatoki hobeago batera» urratsa emango duela eta datorren urte bukaerarako emaitza positiboak nabaritzen hasiko direla aurreratu zuen Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburuak.

Carlos Aguirrek gogoratu zuenez, nazioarteko egoera ekonomikoaren hobekuntza adierazten duten lehen datuak joan den irailean hasi ziren azaleratzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, urtearen hirugarren hiruhilekoan hasi dira nabaritzen hobekuntza zantzu horiek.

Arestian aipatutako datuez gain, nazioarteko aurreikuspenak ere izan zituen hizpide Aguirrek EAEko ekonomiak 2010ean hobera egingo duela azaltzeko. Nabarmendu zuenez, «apurka-apurka jarduera ekonomikoaren mailak hobetzen joango dira, urte amaieran positiboan amaitzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo