Fco. Jose Ramada Estevez Euskal preso politikoa, Castellótik
Zure oroitzapenean
Beti langintza sindikalean, ez zenuen inoiz utzi langileriaren borroka. Zure etengabeko lanaren etsenpluarekin erakutsi zenigun nolakoa izan behar zuen militante abertzale eredugarriak Jarraituko dugu egun batean Joxeanjelek iragandako bideetatik eta egunen batean bidearen amaierara iritsiko gara
Udazkeneko larunbata zen Mediterraneoan, beste egun arrunt bat murruen artean, egunkariak hartu eta zure eskela ikusi nuenean. Etengabeko oroitzak eta elkarrekin pasatako bizipenak biztu zaizkit buru barnean.
Ezker abertzalean hazten ginen gazteoi balore eta konpromisoaren bidea erakutsi zenigun. Baita borrokatzen ere: langileen borrokatik hasi, errepresioaren kontrakora, euskararen arlokora, Lemoizko zentralaren aurkakora, espainiar Konstituzioaren aurrean Gernikako Estatutuaren alternatiba, Euskadi deiturikoa, bakarra bailitzan erakusten zutenen kontra, amnistiaren aldarrikapenean, PSOE-GAL euskal errefuxiatuen erailketen aurrean eta beste zenbait borrokatan...
Garrantzizko erreferentzia izan zinen, Yosu Peñaren eta Jon Neketaren antzera, zeinetatik Euskal Herriaren askatasunaren alde lan egiteko tinkotasuna eta konpromisoa erakutsi zeniguten. Konpromisoa ez zela egun bakarrekoa ere erakutsiz. Borroka sozialaz mintzo zinen, zeinak gainontzeko ezker abertzaleen borrokekin parean joan behar zuen.
Zeuk, beti LABeko langintza sindikalean, ez zenuen inoiz utzi langileriaren borroka. Zure etengabeko lanaren etsenpluarekin erakutsi zenigun nolakoa izan behar zuen militante abertzale eredugarriak, helburu horiek ere geureak egin genituelarik.
Machio errepublikar kapitain komunistaren adibidea aurkeztu zeniguten, zeinak bizitzaren azken unean ezker abertzalearekin lerrokatu ziren neofrankismoaren aurkako bakarrak izateagatik eta benetako demokrazia baten alde lan egiten zuten bakarrak izateagatik. Euskaldunok gaur egun oraindik ezagutzeko duguna. Machio hil zen egunean, zuen Landetxako auzoan plaza bati haren izena jarri zenioten.
Auzoko borrokan ere, Joxeanjel, inplikatu zinen: zuen auzoko, auzo elkartea, erreferentzia izan zelarik auzo egituraketetan eta azpiegituren aldarrikapenetan Irunen. Landetxa zuen auzoko jaietan abertzaletasunaren eta auzo borrokaren ikur bihurtu zenuten.
Guztia egiten zenuen, zenuen gaitz luzea borrokatuz; oztopo izan ez zedin zure ekarpen militantearekiko, argi erakutsiz zein ezpal iraultzailekoa zinen.
Zure aulki gurpildunetik indarberritzen zenuen. Beti umore kutsakorrez, azken uneraino mantendu zenuen zure irribarre eztia.
Zuk alde egiteagatik tristuraz, ziegaren barroteetatik oskorriaren aldera begiratu dut; egun horretan azken izpia ubeldura zantzuekin tindatuko didazun seinalearen zain, akaso zure azken arterainoko tinkotasunaren agurraren seinale gisa...
Ez dela agur bat diozu, gero arte bat baizik. Zuk beste gudari askoren gisan, onena eman duzu beti Euskal Herriaren alde. Gure herriaren independentziaren egunean, Aritxulegitik jaitsiko zaretela, non zure txertoa ere egongo den. Pikotetatik San Martzial aldera pasako zarete, zeinean eskualdeko gudari gazteek beren odola lur hauetan isuri zuten. Kantauri itsaso harroaren kresalaz bustiriko eskualdean, zeinean Ordoki komandantetik hasi eta azkenarenganaino Euskal Herri askeko kaleak berriro zapalduko dituzuen. Amaiurren zutabeetatik birsortutakoa.
Baliteke gailurra lortzeko maldaren zatirik zailena aurretik izatea. Baina ezker abertzaleko militanteek izkina bakoitzetik, kartzela edo erbestetik, ondo dakigu zer den esfortzua. Pausoa azkartuko dugu. Eta ilusioz betetako motxila gainean daramagula, lortu arte, beharrezko dugun guztia egingo dugu.
Nahiz eta batzuetan bidean eroritakoengatik borroka luzea eta garratza iruditu. Zuen etsenpluaren bandera dugu.
Etsai indartsu baten aurka gaude, historikoki gurea dena ukatzen diguna. Estatu independente baten izatea.
Amestu eta borrokatu dugun guztia eskuratuko dugu. Determinazioa eta borrokatzeko jarrera dugu aski. Jarraituko dugu egun batean Joxeanjelek iragandako bideetatik eta egunen batean bidearen amaierara iritsiko gara.
Esker mila, Joxeanjel, zure etsenpluagatik. Ondoan izan gaituzunoi erakutsi diguzulako borroka dela egunen batean Euskal Herri berria ezagutzeko bidea. Beti izango zara gurekin, zeren zeu inoiz hiltzen ez diren hildakoetakoa zera. Gero arte, gudari.