GARA > Idatzia > Kultura

Asiako musika, bakarlariak eta klasiko italiarra, 2010ean Kursaalen

Aurtengo ikasturteari itxiera eman aurretik, Kursaal Fundazioak urteko gertakarien balantzea egin eta datorren denboraldirako -otsailetik ekainera artekoa- prestatutako egitaraua aurkeztu zuen. Luz Casal, Ismael Serrano eta Mikel Urdangarin izango dira agertoki gainean ikusi ahal izango diren musikarietako batzuk eta, haiek bezala, baita nazioarteko musika tradizionalen erakustaldiak eta klasikoari lotutako hainbat ikuskizun ere.

p041_f01_204x116.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Denboraldi berriko egitaraua 2010eko otsailean hasiko duen arren, Kursaal Fundazioak 2009an izandako emaitzak ezagutarazi zituen atzo. Orokorrean, eta krisiaren gorabeherak kontuan izanda, emaitza positiboekin agurtuko du urtea; «aurrekontuak orekan mantendu ditugu eta superabit txiki batekin amaituko dugu denboraldia», jakinarazi zuten jendaurrean Fundazioko arduradunek. Hainbat alorretan gorakada bizi izan du Kursaal Fundazioak, ikusle kopuruan adibidez; 2009ak iaz baino %27 bisitari gehiago izan ditu, 55.000 lagun baino gehiago, hain zuzen. Ikuskizunei dagozkien zifrek ere goranzko bidea izan dute amaitzear den ikasturtean, aurten 46 zuzeneko emanaldi eskaini baitira, 2008an baino %18 gehiago. 2010a, ordea, eta nahiz eta aurtengo azken emaitzetatik galerarik jaso ez duten, diru aldetik laburragoa izango da Kursaal Fundazioak izango duen aurrekontuarentzat. 300.000 euro gutxiago izango ditu, guztira 2.041.634 euro (iaz 2.362.746 euro izan zituen).

Gauzak horrela, denboraldi berrirako 35 ikuskizun prestatu dituzte; «2009an baino gutxiago, baina 2008an baino gehiago izango dira, beraz, oreka mantentzen jarraituko dugu», esan zuten.

Klasikoak eta modernoak

Jose Antonio Echeniquek, Musika Hamabostaldiaren zuzendari ohiak, iragarri zituen musika klasikoari dagokionez urteko lehen sei hilabeteetan izango diren zuzenekoen berri. Guztira zazpi izango dira klasikoari zuzendutako emanaldiak. Horien artean daude Mahler Chamber Orchestrak (otsailak 12), Daniel Hardingek zuzenduta eskainiko duena, Isabelle Faust biolin-jotzaileak lagunduta, eta Donostiako Orfeoiak eta Staatskapelle de Weimarrek emango dutena (maiatzak 22), Leopold Hager-en gidaritzapean.

Ganbera-musikari dagokionez, Mark Padmore tenoreak (Till Fellner piano-jotzailearekin) Schuberten «Winterreise» kantatuko du (ekainak 17), eta Cecilia Bartolli mezzosopranoak bere egingo ditu, La Scintilla orkestrarekin batera, Porpora, Caldara, Giagomelli, Broschi, Leo, Araia eta Graunen lanak (apirilak 8).

Musika barrokoan, Jordi Savallen etorrera (otsailak 21) nabarmendu zuen Echeniquek, XVII. mendeko musika gaur egunera ekarriko baitu Le Concert des Nations taldearekin bat. Capella Turchini orkestra barrokoa ere Donostian izango da Antonio Florik zuzenduta (martxoak 17), Pergolesiren «Stabat Mater»aren inguruko programarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak «Erase una vez la percusión» kontzertu didaktikoa eskainiko du otsailaren 27an, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta, eta maiatzaren 15ean, hau ere umeei zuzenduta, «Mueve el esqueleto con la OSE» izango da ikusgai.

Herri musikari dagokionez, Kursaal Fundazioak Asiako doinu tradizionalen ikuskizunen alde apustu egin du. Horrela, Pavakathakali taldea (India) oholtza gainean izango da maiatzaren lehenean, Tayikistan, Afganistan eta Pakistango musikariak maiatzaren 23an eta Indiako Danbor Sakratuak ekainaren 14an, besteren artean.

Xabi San Sebastian otsailaren 19an izango da Kursaalen eta, bere atzetik, Donostian izango dira Mikel Urdangarin (otsailak 26), Pereza (martxoak 19), Ismael Serrano (apirilak 17), Benjamin Biolay (maiatzak 12), Luz Casal (maiatzak 14) eta Migel Rios (ekainak 12), besteak beste.

KLAKEA

Savion Glober klake dantzaria izango da ekainaren 1ean, hirukote batek lagunduta, Broadwayn nahiz Parisen arrakasta lortu duen «Bare Soundz» ikuskizunarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo