GARA > Idatzia > Kultura

Baionako La Ruée au Jazz jaialdia antolatzen duten boluntarioek proiektua «lo egiten» utzi dute

Erakunde publikoen sostengu ezaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko jazz jaialdi bakarraren ibilbidea gelditu egin da. Sei urteko elkarlan herrikoiaren ondoren baliabide eskasiak bukaera eman dio proiektuari.

p042_f01_147x100.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Jazz musika elite girotik atera eta herritartzea xede zuen elkarteak Baionan jaialdi bat eratzea deliberatu zuen 2003. urtean. Sei urteko ibilbidean ikusi dute egitasmoa nola zihoan egonkortzen. Hiru eguneko jaialdian 10.000 pertsona biltzeraino ailegatu dira. Hala ere, erakunde publikoek, herri egitasmoarekin bat egin ez-eta, ez dutenez diru laguntzen bidez jaialdia sostengatu, zorrak egin gabe aurrera egitea ezinezkoa izango zaiela ondorioztatu dute antolatzaileek. Gauzak horrela, talde sortzaileak egitasmoa bertan behera uztea erabaki du.

Etsipenak sortutako erabakia izanik ere, itxaropenerako bidea irekia utzi nahi izan dute elkarteko kideek. Stephanie Carre idazkari nagusiak argi esan zuen jaialdiak jarraipena izatea espero dutela: «Gazteek egitasmoa berriro hartu eta beste behin abian jartzea espero dugu». Elkarteko presidente Sabri Bouchfarrek bidea oraindik irekita dagoela azpimarratu nahi izan zuen: «Elkartea ez da desegin, lo garai batean sartu da, besterik ez».

Egitasmoa aurrera ateratzea zaila izango zela jadanik 2009an zehar aurreikusi zuten elkarteko kideek, horregatik urteko hitzordua izatetik biurtekoa bihurtu zuten. Bi urtean behin eginik ere zorra handiegia liratekeela ondorioztatu dute antolatzaileek azken egunotan egindako batzar orokorrean.

Hartutako erabakiaren berri emateko atzo egindako prentsaurrekoan presidenteak argi azaldu zuen erabakia: «Zorrak izaten hasi baino lehen utzi nahi izan dugu. Gero, bestela, bukaerarik ez duen dinamika bat hasten da, zorrak kitatzeko diru laguntzak eskatu behar direla etengabe».

Artisten laguntza

Orain arte elkarteak eta jaialdiak egin duten ibilbidean artisten laguntza handia jaso dute. Bereziki amabitxiaren papera egin duen Mina Agossi kantariaren lana nabarmendu zuten, lehen urtean jo zuenetik laguntzeko prest izan baita. Sei urteren buruan, musikariei ordainsari txikien truke jo dezaten eskaria egiten ezin dutela jarraitu nabarmendu zuten.

Baionako Herriko Etxeko hautetsi ezkertiarren sostengua ere jaso du jaialdiak. Komunikatu baten bidez Bayonne Ensemblek Udalaren politika agerian utzi du: «Jazza edo kultura Jean Grenetentzat lehentasun bat balitz, jakina litzateke», adierazten du taldeak agirian. Horrekin batera hitzen garaia joana dela, eta orain, «mozorroak erortzen diren honetan», benetako aurpegiak ikusteko momentua heldu dela salatu du Bayonne Ensemblek.

LANGILE BAT

Jazz jaialdia antolatzeak urtean zehar eskatzen dituen lanak egiteko langile baten beharra aldarrikatu dute antolatzaileek, baina diru laguntzek ez dute horretarako aukerarik ematen.

GAZTEEGIAK

Sei urtez borondatezko lana egiten aritu ondoren, antolakuntza egonkor bat eskatu zuten elkarteko kideek. Gazte talde bat prest agertu da lekukoa hartzeko, baina esperientziarik eza egotzi diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo