Maider Iantzi Kazetaria
Ekimen bat heriotza lantzeko
Heriotza lantzeko blog baten berri eman nahi dizuet txoko honetan. Gai desegokia, tristea Eguberrietarako? Zuhaitzak ere larrugorritan daude kanpoan, hil zaizkie hostoak. Aipatutako Interneteko espazio honetan bibliografia, hausnarketak, eztabaidak, denetariko ekarpenak bildu nahi dituzte. Lasai, naturaltasunez solas egin, egunerokotasunean dugun hutsune handi beltz hori kolorez betetzen laguntzeko, haurrei ahalik eta heziketarik onena emateko. Elkargunea irakasle eta gurasoentzat da bereziki, baina bertze guztiontzat ere bai, begiratzen ausartu ez arren denoi eragiten digun gaia delako heriotza.
Eztabaidarako hainbat galdera planteatu dute: umeei metaforikoki hitz egin behar diegu edo argi mintzatuz lagundu behar diegu errealitate berriaz jabetzen? Irakasleek nola prestatu behar dituzte haurrak? Eta beren burua? Eta kalean? Guri gertatzen bazaigu, gure ingurukoren bati norbait hiltzen bazaio, prest gaude erantzuteko? Zer eragin du erlijioak eta bultzatzen duen bizi ereduak? Honela idatzi du herritar batek: «Naturaltasun osoz egin behar da berba, txikitatik eta edozein eremutan. Argi eduki behar dugu jaiotzen garenetik zorretan daukagun gauza bat dela». «Horrek bizitza estimatzen lagunduko digu eta guztiak berdinak garela konturatzen», erantzun dio bertze batek. Hala erraten da, baina heriotzan denok berdinak garela iruditzen zaizue? Galderaz josita dago bloga eta erantzun batetik beti sortzen dira galdera gehiago. Gure gizartea heriotza bizitzatik kanporatzen saiatzen da. Lehen, jendea etxean hiltzen zen; orain, erietxean. Kanposantuak herriguneetatik kanpo daude. Guraso anitzek, haurrari minik ez egiteagatik, deus gutti azaltzen diote eta errituetatik kanpo uzten dute. Ez litzateke errazagoa heriotza naturaren zikloaren parte dela oroituko bagenu? Erantzunak, eta galdera gehiago, http://heriotzalantzen.blogspot.es/-en.