GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Erantzuna ez nuen Bilbon topatu

Kasik ez nintzen gogoratzen zer sentitzen zen hura ikustean. 25.000 lagunen kolkoak egiari begira, behingoan, egiari begira. Autonomia kalea bor-bor, adierazpen askatasunaren aldeko gurutzada berrian. Garaile, behingoan ere, libertate haien alde borrokan aritutakoak. Noiztik ez zen halakorik errepikatu? Datuak eta zenbakiak biltzen gaitasunik ez daukadanez, «Egunkaria»ren itxieran Donostian bildutako jendetza datorkit burura. Kontxako badia lekuko, bertan ere helburu berbera defendatzen eman ziren orduak; enbatari aurre egiteko inoizko bateratasunari utzi zitzaion lekua, betikokeriei atzean geratzeko agindua emanda, soilik tarte labur batean izan bazen ere.

Larunbatean ez nuen aurkitu. Han eta hemen begira aritu nintzen arretaz, baina ez nuen ikusi, banekien joatekoa zela, baina damutu egingo zen akaso.

Bilbotik etxerako bidea eginda, afalostean, lagun batek esan zidan: «Gaur arratsaldean hainbeste jende bilduta, zergatik ez gara gai nazio gisa helburuak finkatu eta behingoz indarrak bilduta aurrera egiteko?». Galdera berbera hamaika aldiz errepikatu izan diot nire buruari, baina beste hamaika ulertezinezko iradokizun eta inkognitak zanpatu zituzten lehen instantzian planteatutakoak.

Astelehen arratsaldean, Santo Tomas egunean, hileta baten ondoren, lagun berberarekin garagardo pare bat hartzen aritu nintzen. «Egunkaria libre» jartzen duen orratza oparitu eta herrikide batekin hitz egindakoa azaldu zidan: «Ez du ulertzen zergatik barneratu behar duen gertatutakoa, dagoeneko herri honetan hitz egiterik ere ez dagoela errepikatzen zidan behin eta berriro». «Egunkaria» auzia aitzaki, nire hamaika galdera haiei hamabigarrena erantsi zion. Gizon hark, orain aste batzuk Guardia Zibilak eta Polizia espainolak 34 gazteren aurka egindako sarekadan atxilotu zutenetako baten aitak, oraindik ez daki zergatik daukan semea espetxean. Eskubideen aurkako beste erasoa izan bazen hura, zergatik ez dute alderdiek elkartasun berbera erakusten? Hamabigarren galderaren erantzuna ez nuen Bilbon topatu eta ez dakit noizbait aurkituko dudan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo