GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Europan harriduraz hartu dute auzia», egiaztatu dute Udalbiltzako auzipetuek

Europan zehar egin duten biraren emaitza positiboki baloratu dute Udalbiltzeko auzipetuen ordezkariek. Atzo nabarmendu zutenez, haien aurkako auzia «harriduraz» hartzen dutela ondorioztatu dute, eta Udalbiltzaren izaera instituzionala zabaltzeko ere balio izan du.

p014_f02.jpg

GARA

«Udalbiltza auzia»ri dagokion epaiketa laster abiatu daitekeen honetan Europan barrena haien lekukotasuna eman berri dute auzipetuek, Expe Iriarte Iruñeko zinegotzia izandakoaren eta Juan Carlos Alduntzin Pasaiako alkatea izandakoaren bidez. Egindakoak azaldu zituzten biek, atzo bertan, Iruñean. Hasteko, bira hau «nazioartean gure egoera gizarteratu eta salatzeko hasi dugun kanpainaren urrats bat» baino ez dela aipatu zuten.

Gustura geratu dira Europako hainbat erakundetan izandako harrerarekin. «Jaso, elkartasuna jaso dugu -nabarmendu zuten-. Herritarren babesarekin hautatuak izan direnek harriduraz jasotzen dute nola litekeen herritarren borondate libreak hauta- tutako udal hautetsiok bizi duguna. Ez dute ulertzen modu publikoan eta hautesleek emandako agindua betetzeagatik auzipetuak egote hutsa -adierazi zuten-, eta elkartasuna da lehen erreakzioa».

Beraien balorazio baikorrak bigarren atal bat du. Pozik dira Iriarte eta Alduntzin «elkartasuna maila pertsonaletik harago gure izaera instituzionalera zabaldu delako, eta nazioartean gure egoera salatzeko baliagarria izan dugulako».

Harremanak

Izan ere, laster 23 lagun Auzitegi Nazionaleko aulkitxoan eseraraziko dituen auzia azaltzea zen Expe Iriarte eta Juan Carlos Alduntzinen helburua. «Gure egoeraren berri eman dugu, auziaren nondik norakoak azaldu ditugu, gure hautetsi izaera eta Udalbiltzaren izaera demokratikoaren berri eman dugu», laburbildu zuten atzo.

Harremanak izan dituzte, esate baterako, Europako Legebiltzarreko kideekin. Bi taldetako zortzi parlamentariorekin bildu direla azaldu zuten atzo: ALE-EFA eta GUE-IUEko kideekin. «Beste batzuekin zuzeneko harremana burutu ezin badugu ere, informazio guztia helarazi diegu», erantsi zuten. «Konpromiso zehatza hartu dute beraiek», adierazi zuten auzipetuen ordezkariek: «Ondorengo asteetan zehaztuko duten ekimen parlamentario bateratu bat aurrera eramatea».

GARAk aurreratu zuen bezala, Flandriako hainbat alderdi eta diputaturekin ere egon dira. Bertan lehendakariak harrera ofiziala egin zien, «eta gertukoa, hautetsitik hautetsira egindakoa», gogoratu zuten. N-VA eta CD&V taldeetako kideekin egon ziren bertan «eta euren aldetik elkartasuna eta bere esku dagoena egiteko prest agertu zaizkigu», gaineratu zuten.

Auzia nazioartean zabaltzeko lehen urratsa baino ez dela nabarmendu zuten, «gure asmoa hainbat erakundetan salaketa egitea baita, hurrengo aste eta hilabeteetan burutuko duguna». Horretarako, hautetsien 2.000 sinadura dauzkate.

ESTRASBURGON

Europako Parlamentuko bi taldetako zortzi kiderekin bilerak egin ostean, «ondorengo asteotan zehaztuko duten ekimen bateratu bat aurrera eramango» dutela esan dute Udalbiltzakoek.

2.000 sinadura

Euskal Herrian bildu dituzte hautetsi eta hautetsi ohien 2.000 sinaduren berri eman dute Europan, eta nazioartean auzia salatzeko tresna gisa erabiliko dituztela azaldu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo