GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zein da Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektuaren lehentasuna?

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok Guggenheim museoa Urdaibain handitzeko proiektua iragarri zuenean, asmo horren kontrako ahotsak entzun ziren, ez baitzirudien «dinamizazio ekonomikorik» egokiena Biosferaren Erreserba izendapena duen inguru batentzat. Lakuako Gobernua ez zegoen ados proiektuarekin eta atzo beste azpiegitura baten aldeko apustua iragarri zuen haren bozeramaile Idoia Mendiak. Hala ere, atzo bertan Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak urteko azken bilera egin zuen, Lakuako lehendakari Patxi Lopez bertan zela, eta Guggenheim Urdaibain handitzeko proiektua aurrera doala iragarri zuen. Gaizki ulerturen bat ote? Nolanahi ere, instituzioetako arduradunak bat datoz Urdaibai ingurua ekonomikoki suspertzeko premiarekin, eta argi zeukaten hartarako ez dutela inoren iritzia jakin behar. Ez bertako bizilagunena, ez azpiegitura ordaindu behar duten herritarrena. Kontua ez da museo handi edo txiki bat, ez beste edozer, baizik eta, dioten bezala, Urdaibaiko ekonomia dinamizatzea, eta dinamizazio horrek ingurune berezi horren zaintzarekin bateragarria izan behar du. Hori kontuan hartzea al da proiektuaren lehentasuna?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo