Saltus Vasconum kartografia bilduma berria aurkeztu du Aranzadi Zientzia Elkarteak
Datum ETRS89 kartografia sisteman oinarritutako bilduma Aralarko mapa 1/30.000 eskalan argitaratu berriarekin inauguratu dute, eta hurrengo urteetan Euskal Herriko geografia osatzea dute helburu.
GARA | DONOSTIA
Saltus Vasconum kartografia bilduma berria aurkeztu du Aranzadi elkarteak, «euskal mendiari buruzko ezagutza eta mendi-ondarea ezagutzera emateko» asmoz sortua, eta «mendigoizaleei ez ezik, mendi ingurunea ezagutu nahi duen beste edozeini ere» zuzendua.
Saltus Vasconum bilduma bat dator Aranzadi Zientzia Elkartearen tradizio kartografiko zabalarekin, hamarkada luzeak baitaramatza mota guztietako mapak -orokorrak edota gaikakoak- argitaratzen. Eta sorta berri honek dakarren berrikuntza, hain zuzen, bilduma izaera da. Bilduma hori inauguratzeko Aralar inguruko mapa argitaratu berri dute, 1/30.000 eskalan, eta datozen urteetan beste hainbat ale ateratzeko intentzioa dute, Euskal Herriko geografia osoa, bere luze-zabalean azaldu arte.
Gainera, Aranzadi Zientzia Elkartearen asmoa mapak kultura zama handi batez hornitzea da. Toponimiak edo leku-izenek garrantzi nabarmena dute mapa hauetan; hori dela eta, toponimoen ahozko izenen bilketa eta horien azterketa dokumentala landu dute, geroago horien idazkuntzaren era normalizatua eskaintzeko. Eta honetaz gain, monumentu megalitikoak edo kupula-formako txabolak ere mapan jasota daude.
Kultura kontuak albo batera utzita, mapari izaera praktikoa ematen ere saiatu dira Aranzadi elkarteko kideak. Bertatik bertarako lana eginez eta boluntario askoren laguntzari esker, mota guztietako bideak jaso dituzte, bai biderik ezagunenak, bai ezohiko paisaien eta paisaia bakartien aurkikuntza egiten lagunduko digutenak. Eta jendeak mapari emango dion erabilera orokorra gogoan hartuta, Aralartik doazen bide-zidor homologatuak ere barnean sartu dira, herri bakoitzeko zerbitzuak ere jasota: ostatu, botika, taxi, kutxazain automatiko...
GPS tresnak baliatzeko
Eskala mota honen berrikuntza modura, 5 metroan behingo maila kurbak erabili direla esan behar da. Horri esker, lur eremuak zehaztasun handiz azaltzen dira, gure mendietan bideetatik kanpo ibiltzea eta beren aurkikuntzak egitea gogoko dutenentzat apropos. Datum ETRS89 kartografia sisteman oinarrituta dago hau guztia -laster Europan ezarriko dena- eta GPS tresnak baliatzeko ezin hobea da.
Aranzadik ohartarazi duenez, «hainbeste daturekin batzuetan baliteke lurraldeari buruzko interpretazio okerrak edo zenbait zalantza sortzea». Hala, e-posta helbide bat egokitu dute, mapei ekarpenak egin nahi dizkieten erabiltzaileekin harremanak errazte aldera.
Kartografia moderno, kalitatezko eta praktiko bat eginda, lur-eremua zehatz ibiltzetik datorren informazio oso fidagarria eskaintzen dute. Eta bilduma Aralar inguruarekin hasi dute.