Sokoako portu zaharra aisialdirako itsasontzien gune bihurtzeko bidean
400 itsasontzirentzako aisialdi portu bat finkatzeko egitasmoa aurrera doa Donibane Lohizunen eta Ziburun. Proiektuak agintarien artean ezadostasunak sortzen baditu ere, udaberrian erabakiko da Sokoaren antolaketa planoaren barnean portua gauzatuko den.
Ainize BUTRON
Aspaldidanik arrantzaleak galduak dituen Sokoako portuari itxura berri bat eman nahi diote Ziburuko eta Donibane Lohizuneko agintariek. Gunea «ekonomia eta turismoari begira balioztatzeko» xedez 2006. urtean bi herri horien arteko SIEALCU sindikatuak ikerketak bideratzea eskatu zuen. Sei arkitekto talde aukeratu zituzten, eta, horien artean, sindikatuak hiru egitasmo atxiki zituen.
1930az geroztik Sokoako portuaren antolaketa mintzagai izan dute aldatuz joan diren herriko kontseiluek, baina, benetako proiekturik abiatu gabe. 2010ko udaberrian Sokoako portuaren etorkizunari buruzko erabaki zehatza hartzekotan dira, beraz, eta, horretan aisialdi portu bat egiteko asmoa handizki goraipatua da. Abenduan Ziburu Donibane Lohizune sindikatuak bilera bat izan zuen. Bertan, 2009ko ekainean aukeratuak izan ziren hiru ikerketa bulegoen proposamenak sailkatu, eta, egitasmoa aurrera eramatearen alde bozkatu zuten hautetsiek. Horietan, batek izan ezik, beste biek 400 lekuko aisialdi portuaren finkapena nabarmentzen dute. AJL Architecture bulegoaren egitasmoa izan du lehen sailkatua, eta bertan aisialdi portua, gotor lekua ozeanoaren parean balorizatu eta, Sokoa zeharkatuko duen ibilbide baten kokapena aipatzen ditu, horretarako 61 milioi euroko aurrekontua finkatuz. Agence Pattou Tandem bigarren ikerketa bulegoaren proiektuak, berriz, 45 milioi euroko diru xahutzea azaltzen du. Eta, ALC Architecture bulegoaren azken egitasmoak, berriz, 52 milioi euroko dirutza aurreikusten du.
Guy Poulou Ziburuko auzapezak du gehienbat proiektua bultzatzen. «Angeluk portua Aturri ibaian zabaltzeko asmoa du, Hossegor eta Capbretonek beraien aisialdi portuaren edukiera bi aldiz handitu nahi dute», esan zuen Poulouk. «Gure proiektuan 400 lekuko aisialdi portu bat egitea aurreikusten dugu. Portu artifiziala izango da, eta lekuko garapen ekonomikorako tresna egokia izango da», jarraitu zuen. Halere, ez dute guztiek bat egiten Poulouren asmoekin. Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak argi utzi zuen aisialdi portu bat egitearen aurka zegoela. «Ados nago Sokoa antolatu behar dela, baina ez du funts askorik aisialdi portu bat egitea», nabarmendu zuen. Hainbat arrazoi eman zituen Duhartek, horien artean aipatutako aurrekontuak. «Portua finantzatu ahal izateko, etxebizitza proiektuak lotu beharko genituzke. Eta, Sokoaren kasuan ezinezkoa da arauek debekatzen baitute. Horrenbestez, herriek geure gain hartu beharko genuke proiektu osoa. Gainera, ingurumen mailan kaltegarria izan daiteke», esan zuen. Halere, Duhartek, joan den abenduko bileran, egitasmoaren ikerketak aurrera jarraitzearen alde bozkatu zuen.
Herri Berri aurka
Herri Berri talde abertzaleak 2008ko hauteskundeez geroztik sindikatu horretan boz bat eskuratzea lortu zuen. Peio Etxeberri Aintxart ordezkariak sindikatuan sartu aitzin dosier hori ez zutela ezagutzen salatu zuen. «Herrietako kontseiluetan ez da aipatua izan. Horrelako pisuzko proiektu bati buruzko eztabaida publikoak egin behar dira», esan zuen. Horrez gain, aisialdi portu berri batek arrantza jarduera jateaz gain, lekuko ekonomia «turismo basatira» bideratuko lukeela ere salatu zuen. Bestela esanda, Saint Tropezen pareko bilakatzeko arriskua dakarrela. «Horrek Sokoa desitxuratuko du. 400 itsasontzi horiek bigarren etxebizitzak eta bi hilabeteko egonaldiak ekarriko dituzte», gaineratu zuen. Proiektua zehaztua izango delarik, lekuko elkarteekin biltzeko asmoa du Herri Berrik. Altxa Sokoa lekuko elkarteak, bestalde, proiektu horren inguruan ere zalantzak agertu zituen. «Ez dugu ikusten non jarri dezaketen horrelako portu bat Sokoan», esan zuten.