GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Perurenak 300ekoa jaso bai, baina ezin izan zion goian eutsi

Leitzarrak harria bizkarrera eraman zuen, baina gero ihes egin zion, eta marka lortu gabe geratu da.

p038_f02_097x108.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen posible izan, Inaxio Perurenak beste egunen batean lortu beharko du 300 kiloko harria jasotzea. Asteasun, jaso bai, baina behin harria bizkarreratutakoan, berdindu eta bizkarrean eutsi behar izaten zaio, eta norberak, inork ukitu gabe, bota. Inaxiok harria jaso zuen, baina berdintzeko garaian bizkar atzetik ihes egin zion, eta lurrera erori eta bi puskatan apurtu zen.

Susto aurpegi galanta geratu zitzaien Asteasuko pilotalekuan batu ziren zaleei, baina ez zen ezer gertatu, harriak inor ez zuen ukitu, eta Inaxio berak ere pausoa aurrera eman, eta ez zuen kalterik izan, denon zorionerako.

Leitzarrak marka bat egiteko garaian lehen aldiz anaia izan zuen alboan. Orain artekoetan aita izan du ondoan beti, baina oraingoan anaiarekin joateko hautua egin zuen. 202koari bi jasoaldi eta 255ekoari bat eman ostean, prest agertu zen marka egiteko. Harria ongi ekarri zuen gerrira, han buelta eman, eta bular parean arazoren bat edo beste izan bazuen ere, ederki bultza egin zion gora, eta marka balekoa izango zela zirudienean, harriak ihes egin zion, eta lurrean geratu zen bi puska eginda.

«Kolpe handia eman diot»

Amaieran Inaxio triste zegoen marka lortu ez zuelako, baina gustura ere bai, ezer gertatu ez zitzaiolako: «Garbi dago marka bat lortzen ez denean ezin zarela gustura egon, baina ikusi dut jasotzeko gai naizela. Gero gertatu dena gertatuta, inork minik ez hartzea izan da garrantzitsuena beste guztiaren gainetik», esan zuen leitzar gazteak.

Gertatutakoa honela argitu zuen: «Harria ongi ekarri dut gerrira, eta buelta ere ongi eman diot. Gero apur bat okertu zait, baina lortu dut nahi nuen lekuan jartzea. Gero, ezin duzu kontrolatu, dudan guztiarekin eman diot harria bizkarrean berdintzeko, baina gehiegizkoa izan da, eta ihes egin dit. Tamaina honetako harriekin kontrolatzea zaila da, eta garbi dago nik amaieran gehiegizko kolpea eman diodala», aitortu zuen.

Orain garbi dauka aurrera egin behar duela: «Ez da lehen aldiz marka egitera joan, eta lehenengoan lortu ez dudana, eta besteek ere huts egiten dute. Harri handiak dira hauek, eta hutsegiteak garesti ordaintzen dira. Orain, hau ahaztu egin behar da ahalik eta azkarren, eta lanean jarraitu behar dut, hurrengo marka ahaleginean harria berdindu ahal izateko», esan zuen.

Txapartegik eta Arriak itxura bikaina eman dute

Beste multzoan, Arriak eta Txapartegik itxura ona eman zuten, eta arazorik gabe irabazi zieten Mujikari eta Zubiagari. Lanak, 23 minutu eta 45 segundotan burutu zituzten, eta galtzaileek, berriz, 25 minutu eta 50 segundotan. Hemen, oraindik bi jardunaldi geratzen dira.

Bi aizkolari bikote sailkatuta daude dagoeneko

Nazabal-Jauregik mendean hartu zituzten Senosiain anaiak Urrezko Aizkorako saioan. Garaileek 21 minututan amaitu zituzten lanak, eta galtzaileek, 44 segundo gehiagotan. Senosiain anaiak kanpoan geratu dira, eta Nazabal-Jauregi eta Lopez-Mugertza sailkatu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo