Harizmendi eta Alfaro dira lehen kanporaketa gainditzeko faboritoak
J.L.
Aurrekanporaketa jokatu ondoren, gaur abiatuko da, 16.00etatik aurrera Lekornen Buruz Buruko berezkoen Txapelketa. Bi kanporaketa jokatuko dira, eta biak, gainera, oso erakargarriak.
Hasteko, Ezkurra I.a eta Harizmendi neurtuko dira. Urruñako pilotari beteranoak Ducassou utzi zuen kanpoan aurrekanporaketan, eta txapelketa honetan parte hartu gabe urte pare bat egon ostean, ilusioz itzuli da.
Aurkari txarra egokitu zaio ordea, Harizmendi baita garaipena lortzeko faboritoa. Iaz eskuetan arazoak zituela hasi zuen txapelketa, eta lehen kanporaketan joan zen kanpora. Aurten, ordea, aurrera egiteko faboritoa da, eta dirua bere alde aterako da, nahiz eta horrek ez duen ezer erabakitzen.
Kontuz ibili beharko du Ezkurrarekin. Honek ere txapela janztea zer den badaki, eskarmentu handia dauka eta saiatuko da aurkaria nahastu eta garaipena lortzen. Irabazten duenak Sorhueten aurka jokatuko du urtarrilaren 10ean Saran.
Bigarren norgehiagokan, Alfaro eta Lanbert neurtuko dira. Alfaro izango da faboritoa. Eskarmentu gehiago du, baina kontuz ibili beharko du, Lanbert atzetik indartsu datorren horietakoa baita. Profesionalen artean leku bat egin nahi du eta horretan saiatzen ari da saiatzen.
Horretarako ezinbestekoa du garaipenak lortzen hastea, baina eskarmentuko pilotaria izango du aurrean eta ez du lan samurra izango.
Alfaro berak nahi baino lehen geratu da kanpoan azken urte hauetan, eta aurten saiatuko da kanporaketa hau gainditu, eta aurrera egiten.
Norgehiagoka hau bereganatzen duen pilotariak urtarrilaren 10ean jokatu beharko du hurrengo neurketa eta Saran arituko da. Aurrez aurre Lazkano izango du. Aurten partida guztiak kanporaketakoak izango dira, eta lehiaketak abiadura bizia izango du, hilabete eta erdian amaituko baita.