Floren Aoiz www.elomendia.com
Custer Ajuria Enean
Akabo «barbariea», iritsi dira postmodernoak eta haiekin XXI. mendean sartu gara. Argia piztu da, zibilizazioa hedatu da euskaldun basatien lezeetara! Putxek aterako gaitu Neolitotik, harrietatik metakrilatora pasako gara xixtu bizian askatzaile hauen eskutik
Garai batean nik ere amesten nuen Custer nintzela, «indio» basatiek inguratzen nindutela eta estatubatuar soldaduak agertzen zirela azken unean salbatzaile gisa. Herriko zinema-aretoaren lurraz animaleko zalaparta egiten genuen Zalditeriako Zazpigarrena iristen zelarik. Haiek bai ausartak! Bakeroak zintzoak ziren eta indioak gaiztoak. Mundu erraza zen, sinplea, borobila, txuri eta beltza. Ez zen gehiago pentsatu behar. Ez zen filmaren argudioa aintzat hartu behar, denok baikenekien nork irabazi behar zuen. Merezi zuenak, jakina! Hori garai batean gertatu zen. Gerora jakin nuen Custer eta beste soldaduak zital hutsak zirela eta indio basati horiek izugarrizko sarraskien biktimak zirela. Ikasi nuen ez zirela indioak, Ameriketako indigenak baizik, konkistatzaileak iritsi aurretik han bizi zirenak, europar kolonizatzaileengandik mota guzietako krudelkeriak jaso zituztenak. Ez zen erraza izan onartzea beste garaietako jaka urdinez jantzitako heroi horiek mertzenario nazkagarriak zirela, torturatzaileak, bortxatzaileak, haurren asesinoak. Indigenen mundua hondatu zuten kriminalak zirela, hots.
Ez dut ahantzi, berriz, Custerren irudia, filmetakoa, jakina. Eta irudi hori etorri zait burura irakurri dudanean Putxe(razo) Lopezek esan duela berea aspaldiko Gobernurik indartsuena dela. Custer irudikatu dut Ajuria Enean, euskaldun haserretuek inguratuta, bakarrik, isolatuta, inolako zilegitasunik gabe baina indartsuena dela aldarrikatuz. Bere ergelkeriak sinesten, biluzik eta jantzi ederrenak dituela oihukatuz.
Duela gutti beste kaikukeria ederra eskaini ziguten espainiar erregearen mezuaren «arrakasta» aipatuz. Aldaketa lasaiaz hitz egiten dute oraingoan, 100.000 lagunen boza desagerraraztea munduko gauzarik normalena balitz bezala. Benetan sinesten dituzte beren gezurrak? Beren burua intoxikatu dute beren pozoiaz? Zein izanen da hurrengoa, begiak estali eta ez daudela aldarrikatzea? Zein da politikari horien adin mentala? Uste dute horrela hipnotizatuko dutela jendarte heldu bat? Faborez, otoi, arren... Gure herriak ez du atzendu nola iritsi ziren Gasteizko Gobernura. Denok dakigu iruzurrik gabe Putxe ez zela lehendakari izanen. Denok? Agian berak ez. Agian Putxek sinetsi du herriak hautatua dela, agian barneratu du euskaldunak euskal nazionalismoaren atzaparretatik salbatzeko sortua dela, beste mesias bat. Patuak eraman duela dagoen lekura. Custer iritsi da Ajuria Enera. Zaldiaren gainean sartu da, ezpata eskuetan. Tronpetak aditu dira, indioak korrika atera dira, izututa. Akabo «barbariea», iritsi dira postmodernoak eta haiekin XXI. mendean sartu gara. Argia piztu da, zibilizazioa hedatu da euskaldun basatien lezeetara! Putxek aterako gaitu Neolitotik, harrietatik metakrilatora pasako gara xixtu bizian askatzaile hauen eskutik.
Putxeren zaldiaren izena Alderdien Legea da, eta ez da beti Putxeren ipurdiaren azpian egonen. Egunen batean putxerazoek ez dute balio izanen. Ongi dakite hori Putxek, Aresek, Rubalcabak eta Zapaterok. Horregatik etorriko diren aldaketak galarazi nahian dabiltza, putxerazoaren ondorioak luzatzeko asmotan. Zalditeriako Zazpigarrena delako beren itxaropen bakarra, ezpatetan baitago beren zilegitasun bakarra.
Urteberri on, «indioak»!