GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Munduaren leihoa: denbora

Ni, sozialismoa aipatzean, ez naiz langileriaren diktaduraz edo burokraziaz mintzo, justiziaz, humanismoaz eta guztiekiko begiruneaz baizik. Hots, elkarlana sustatuz etorkizuna bermatuko duen gizarte eredu ireki batez

«Sembrando hoy,

tendremos mañana». Habanako kale margoa.

Irten eguneroko itogarri eta uneko presen bizimodutik. Egin geldiune bat. Hurbildu berriro munduaren leihora. Atera burua eta begiratu luze atzera. Ireki iraganaren ateak. Arakatu egindako bidea. Gure jarduerek izadian eragindako ondorioak. Hausnartu. Aztertu bilakaera. Saiatu iraganetik orainera eta orainetik etorkizunera doan hari xehea jarraitzen. Ikasi iragana, osatu historiaren puzzlea. Ikusi oraina, baina ez saiatu ulertzen; ezinezkoa da. Hasi etorkizuna, ahalegindu inertziak iraultzen. Aldatu errotik desoreka eta sufrimenduan oinarritutako egungo antolaketa modua; maldan behera garamatzan eredu antzua:

- Inoiz baino baliabide eta elikagai gehiago ditugu eskura, baina era berean pobrezia zein gosea (eta hauek eragindako milioika hildako) handituz doaz.

- Botika eta tratamenduak ugaritzen ari dira, baina gero eta pertsona gehiago hiltzen dira sendabidea duten gaixotasunen ondorioz, nahikoa baliabide ekonomiko ez izate hutsagatik.

- Gero eta gehiago kontsumitzen da; neurri berean gero eta asegaitzagoak bilakatzen ari gara. Agerikoa da jabetzak pilatzea ez dela zoriontasun iturri. Hala ere, pilaketa materialen lasterketa amaigabean darraigu. Zoriontasunetik gero eta urrunago. Gero eta galduago.

- Segurtasun neurri, legedi eta prebentzio metodo berriak ateratzen dira, prestakuntza ere osatuago da, baina langileek aurreko mendetan lez lantokian hiltzen jarraitzen dute. Lanera irteterakoan etxekoak agurtu eta berriz itzultzen ez diren langileen kopurua beldurgarria da.

- Gero eta kate gehiago eskaintzen dizkigu kaxa hipnotikoak, urtetik urtera bideo-joko ikusgarriagoak merkaturatzen dira; honela, irudimen gaitasuna hondoa jotzeraino urperatu nahi da; sorkuntza ahalmena gero eta mugatuagoa dugu.

- Hezkuntza osatuagoa jasotzen dugu haurtzarotik, informazio iturriak ugarituz doaz, baina arlo ugaritan inoiz baino ezjakinagoak gara. Aski erraza da oraindik gizartea engainatu eta interesen arabera maneiatzea. Partzialki itsu gaude. Nahi dutena soilik ikus dezakegu, berau zalantzan jartzeko gaitasunik gabe. Pentsamendu kritikoa aspaldi jokoz kanpo dago.

- Gero eta segurtasun mekanismo eta polizia gehiago dago bazterretan; hala ere, gure beldurra inoiz baino handiagoa eta zentzugabeagoa da. Izua errotua dago jendartean. Zeri eta nori diogu beldurra ordea? Zergatik?

- Aurrerapen teknologiko bikainagoak agertzen dira, garapena hedatuz doa; hala ere, gero eta larriagoa da Ama Lurraren egoera: klima aldaketa, desertifikazioa, aparteko fenomenoen ugaltzea... Bitartean, gure ohitura, kontsumo eta kutsadura mailak bere horretan diraute.

- Korporazio multinazional eta finantza-entitateen mozkinak areagotuz doaz. Aldi berean, gero eta familia gehiago daude pobrezia arriskuan eta eskaleak ere inoiz baino gehiago dira. Pobrezia atzemateko ez dago Afrikaraino joan beharrik. Denon begien aurrean dugu. Denon ondoan. Kale hotza milaka pertsonen ostatu bilakatu da.

- Gero eta gehiago bidaiatzen da. Batzuek, negozioak direla-eta Asia inguruak bisitatzen dituzte, eskulan merkea nola ustiatu pentsatzen duten bitartean. Beste batzuek, Europara iristeko itsas bidaian heriotza topatzen dute. Bizitza berri baten ametserako bidean, ur azpiko hilerrietan bukatzen duten itzalen kopuruak lotsarazi behar gintuzke.

- Beste kulturekiko interesa eta tolerantzia inoiz baino gehiago lantzen dira, baina kalean betiko iruzkinak entzuten jarraitzen dugu: egia ote txinatarrak gu inbaditzen ari direla? Beltzek lanik onenak kentzen dizkigutela? Folklorismoz mozorroturiko arrazismoa sasoian da.

- Gero eta gutxiago sinesten da elkartasuna edo berdintasuna gisako baloreetan; gero eta gehiago pentsatzen da moneta unitatetan. Egungo jainko goratuena dirua da.

Hainbatetan esana zaigu iragana soilik iragana dela, berau ahanztea dela onena, orainaz goza nahi bada. Ez dakit ziur zein helbururekin errepikatzen diguten hau. Agian, litekeena da, orainaz eta etorkizunaz ere jabe ez gaitezen eta erraz manipulatuak izaten jarrai dezagun. Iraganari begira soilik ezin da bizi, baina iragana ezin da ahantzi. Belfasteko horma batean irakurri nuen ondorengo esaldia: «Bi begiak iraganera begira dituen herria herri itsua da; begi bat iraganera begira duena herri jakintsua da».

Herrialde garatuon kasuan, atzera begira jarriz, zerbait gaizki egiten aritu garela nabaria da. Zerbait hori eredu ekonomikoa bera dela esateak badu funtsa. Lurraren zati handiena menperatzen duen «guda» sistema zulo baten gisakoa da: zuloa, zenbat eta gehiago kendu, orduan eta handiagoa da; kapitalismoak, zenbat eta sakonagoa, orduan eta gehiago kentzen du. Bere ahalmen txikitzaileak mugagabea dirudi; gehiengo zabalarentzat gordea duen patu bakarra amildegia da. Atilio Boron, Hego Amerikako geopolitikako adituak, sozialismoa proposatzean, errealitatea mundu hobe batez eraldatzeko eta merkatuak gure bizitza eta ametsetan duen nagusitasuna gainditzeko beharra aipatzen ditu. Ni, sozialismoa aipatzean ez naiz langileriaren diktaduraz edo burokraziaz mintzo, justiziaz, humanismoaz eta guztiekiko begiruneaz baizik. Hots, elkarlana sustatuz etorkizuna bermatuko duen gizarte eredu ireki batez. Suntsiketara izan ezik, beste inora eraman ezin gaitzakeen merkatu ekonomia atzean utziko duena, honela denok aurrera egin dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo