GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Begoñe Agirre Pereda eta Arantza Urkaregi Etxepare Bizkaiko Batzar Nagusietako ezker abertzaleko taldearen izenean

Aurrekontuen eztabaida, zertarako?

Agintean dauden alderdiek ez dute nahi aurrekontuen eztabaida bultzatu, are gutxiago aurrekontuen edukia herritarren parte- hartzera zabaldu; alderdien interesak babesteko akordioak itxi besterik ez dute nahi

Azkenaldian, erakundeen aurrekontuak onartu egin dira, inolako eztabaidarik gabe. PSEk eta EAJk sinaturiko egonkortasun-akordioari esker, bi alderdi hauek bidea eman diote aurrekontuen onarpenari. Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuen kasuan, EAJ abstenitu egin da; Bizkaiko Aurrekontuetan, aldiz, PSE izan da abstenitutakoa.

Bi kasuetan, aurrekontuak «txarrak» direla aitortu arren, ontzat eman dituzte. Bizkaikoen kasuan, PSEko bozeramaileak esan du «hobe dela aurrekontu txarrak izatea aurrekonturik ez izatea baino». Betiko moduan, gezurretan ari dira. Aurrekontuak ez badira onartzen, aurreko urteko aurrekontuak luzatzen dira. Orduan, zergatik egonkortasun akordio hori? Bilatzen duten egonkortasuna ez da aurrekontuena, baizik eta euren boterearena. Akordio horren helburua da PSEk eta EAJk dituzten botere-kuotak egonkortzea: PSEk Eusko Jaurlaritzan, eta EAJk hiru foru aldundietan.

Bitartean, aurrekontuak onartzeko prozeduran ez dago herritarrek eta gizarte-eragileek parte hartzeko aukerarik. Zertarako? Agintean dagoen alderdiak jakin badaki onartuak izango direla eta aurrekontuen onarpena tramite hutsa bihurtu dute. Baina aurrekontuak oso tresna garrantzitsuak dira, bertan zehazten baitira aurrera eramango diren jarduera nagusiak. Dirua nola bilduko den eta zertan gastatuko den zehaztea da aurrekontuen helburua.

Bizkaitarrok, denetara, 7.000 milioi euro ordaindu dizkiogu Ogasunari, horren erdia zuzeneko zergen bidez. Eta zerga horien %75,2 langileen errentaren bidez. Hau da, langileok gara Ogasunari gehien ordaintzen diogunak. Baina ordaindutakoaren gehiena (3.900 milioi) Eusko Jaurlaritzari ematen dio Bizkaiko Foru Aldundiak; beste zati bat (449 milioi) Espainiako Estatuari ordaintzen dio Kupoa dela eta; azkenean, udalei 724,7 milioi. Geratzen diren 1.700 milioi euro dira Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituenak.

Inolako eztabaidarik ez egoteaz gain, Bizkaiko aurrekontuetan azpimarratu behar dugun lehenengo gauza da aurrekontuen gardentasun eza. Gero eta diru gehiago desbideratzen da Merkataritzako Foru Enpresetara: Interbiak, Garbiker, Bizkailur, Bideak... 847 milioi euro kudeatzen dituzte, inolako kontrol publikorik gabe. Bizkaiko udalek jasotzen dutena baino diru gehiago.

Bilbao jaunak behin eta berriro azpimarratzen du gastu soziala dela nagusia Bizkaiko aurrekontuetan, baina ez da horrela. Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontua 680,8 milioikoa da, langile eta goi-karguen soldatak barne. Eta hori baino gehiago (688,25 milioi euro) gastatuko dute azpiegituretan (Supersur, errepide berriak...).

Gizarte Ekintzaren aurrekontua %8,61 igo dutela diote, baina horretan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta dela eta, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-kopurua (209 milioi) sartzen dute. Diru hori gabe, igoera %1,42 besterik ez da. Eta gero eta behar sozial gehiago dago gure gizartean, are gehiago krisi garai honetan. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 50 milioi besterik ez ditu jartzen bazterketari aurre egiteko. Eta Supersur delakoa egiteko, 306 milioi! Non daude lehentasunak? Horrexegatik ez dute aurrekontuen eztabaida bultzatu nahi, hain zuzen, gezurretan ari direla agerian geratuko zelako.

Bizkaiko aurrekontuen inguruan gehien eztabaidatu dena Guggenheim-Urdaibai proiektua izan da. Berriro eztabaida faltsua, komunikabideen bidez egindako bi erakundeen arteko eztabaida hutsala. Kontua ez da Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia ados dauden ala ez. Galdera da: proiektu hori Busturialdeko biztanleen beharrei erantzuteko baliagarria al da? Busturialdeko jendarteari galdetu diote? Ez. Aspaldian, eskualde horren garapen sozioekonomiko integrala, orekatua eta iraunkorra bideratzeko plana eztabaidatu eta onartu zuten gizarte-eragileek, sindikatuek, enpresariek eta erakundeek. Eusko Jaurlaritzak dekretuaren bidez onartu zuen, baina gero ez dute zentimorik ere jarri plan horretan aurreikusitako ekimenak aurrera eramateko. Ezker abertzaleko batzarkide-taldeak Bizkaiko aurrekontuetan dagoen proiektu horretarako milioi bat euro Busturialdeko Garapen Plan integrala aurrera eramateko erabiltzea proposatu du, baina aurkezturiko beste zuzenketak bezalaxe, atzera bota dute EAJk, PSEk eta PPk.

Busturialdeko etorkizuna ezin da turismora mugatu, baina Bilbao jauna ez da bertako biztanleez pentsatzen ari. Egun, Guggenheim-Urdaibai proiektua EAJk Eusko Jaurlaritzan dagoen PSEren kontra erabiltzen duen arma da, bi alderdien arteko lehiarako tresna. Baina Bizkaiko aurrekontuen izaera atzerakoi, ilun, elitista eta parte-hartzerik gabekoaren isla ere bada.

Agintean dauden alderdiek ez dute nahi aurrekontuen eztabaida bultzatu, are gutxiago aurrekontuen edukia herritarren parte-hartzera zabaldu; alderdien interesak babesteko akordioak itxi besterik ez dute nahi. Bada garaia politika egiteko era errotik aldatzeko, demokrazia parte-hartzaileari bidea zabaltzeko, eragile ezberdinen eztabaida eta ekarpenen bidez aurrekontuak gauzatzeko. Hori izango baita bide bakarra aurrekontuek alderdien interesei erantzun barik, herritarren arazoei aurre egin diezaieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo