Kronika| Lanuzteak Oiartzungo Alcampo-n
Atsedenerako eskubidea ere ez dute errespetatu nahi enpresari batzuek
Beste behin ere emakumeak. Oiartzungo Alcampo enpresako langileek enpresak euren atsedenerako eskubidea zapaldu nahi duela-eta bosgarren mobilizazio eguna egin zuten atzo. Asteroko atsedena bermatu dakien nahi dute, eta areago, inposaketaren bidez euren lan baldintzak okertuko dituen neurririk ez dute onartzen.
Amaia ZURUTUZA
Inposaketak, negoziazio eza nahiz mehatxuak. Horiek omen dira sarri askotan enpresa ugaritako zuzendaritzek izaten dituzten jokaerak. Eta halakoetan jokaldia antzekoa izan ohi da: langileen lan baldintzak okertuz enpresen irabaziak handitu. Esan ohi da ere askotan langileek hamaika jazarpen jasaten dutela, beldurragatik esaterako.
Asko dira, hala ere, beste aldean kokatu eta «gauzak ez dira horrela egiten, eta horrela egiten jarraitzen baduzu, gu hemen parean egongo gara» esan eta borrokari lotzen zaizkionak ere. Bide horri ekin diote azken asteotan Oiartzungo Alcampo enpresako langileek, eta atzo bosgarren mobilizazio eguna egin zuten. Protesta arrakastatsuak izan dira guztiak, langile ia denek egin baitute bat greba nahiz lanuzte egunekin, eta joan den urtarrilaren 2ko greba egunean, esaterako, bezero kopurua normalean baino baxuagoa izan zen. Atzokoan, 11.30etik 13.30era eta 18.00etik 20.00etara euren lanpostuak utzi eta saltoki handi honetako sarreran kontzentrazio zaratatsuak egin zituzten. Esku-orriak banatu, oihuka nahiz txilibituak erabiliz zalaparta sortu, eta pankarta ugarirekin euren ahotsa zabaldu zuten merkataritza-gunearen sarreran.
Aldarrikapena zehatza dute Alcampoko langileek: atseden duina nahi dute, eta ez dute inposaketarik nahi.
Joan den abenduan espero ez zuten erabakia jaso zuten. Gatazka ulertzeko 2007. urtera egin behar da atzera. Urte hartan, langileen salaketa bat oinarri hartuta ondorengoa ebatzi zuen Auzitegi Gorenak: merkataritza-guneetako enpresa handietako langileek astero jarraian 36 orduko atsedena izan behar dute, baita egunero 12 ordukoa ere, eta atsedenaldi batek ezin du bestea zapaldu.
10 orduko lanaldiak
Epai horri esker, kasuan kasu eta lanaldiaren arabera, langileek 12 edo 24 jaiegun gehiago lortu zituzten urte bakoitzeko. Hainbat egunetan jai egiteagatik, ordea, langileek urte osoan bete beharreko ordu kopurua noiz beteko duten erabaki behar izan du enpresak. Hala, langile bakoitzari lan egutegi zehatz bat ezarri dio, malgutasuna eta kasu batzuetan 10 ordura ere iristen diren lanegunak ezarriz. Zehazki, Gabonak nahiz uda bezalako sasoietan langileei atsedena murriztu die enpresak. Sindikatu nahiz langileen lehen salaketa enpresaren inposaketa saiakera da. Izan ere, enpresak langileei ezarri nahi dien egutegi berria Madrilen onartutako akordio batean oinarritzen da.
«Esklabo-ordutegirik ez»
Alcampoko langile gehienak emakumeak dira eta batez beste 40-50 urte dituzte. Atzo, kutxazainak, arrandegi nahiz harategietakoak eta beste hamaika zereginetan aritzen direnak, euren laneko arropak soinean, asteko atsedena nahi dutela aldarrikatu zuten, eta ez «esklabo ordutegirik».
LAB sindikatuak gatazka honen atzean krisiaren testuingurua dagoela adierazi du. Sindikatu abertzalearen esanetan, enpresari asko krisi egoera langileak beldurtu eta mehatxatzeko erabiltzen ari dira, langileak lanpostua mantentze hutsagatik eskerrak eman beharko balitu bezala.
Alcampoko langileek ordea, ezetz, ez daudela euren lan baldintzak okertzeko prest esan dute, eta mehatxuak jaso badituzte ere, mobilizazioaren aldeko hautua egin dute.