GARA > Idatzia > Kirolak> Atletismoa

Zornotzako LVI. Nazioarteko Krosa

Parte-hartze bikaina eta «ezusteko itzelak» iragarri dituzte iganderako

Iazko garaile Samuel Tsegay eta Europako txapeldun Bezabeh ekarriko dituzte.

GARA | ZORNOTZA

Bihar aurkeztuko da Zornotzako LVI. Nazioarteko Krosa, baina atzo bertan ere eman zituzten igande honetakoa zer izango den azaltzeko zertzelada batzuk. Beste ezeren gainetik, parte-hartze bikaina iragarri zuten Zornotza Atletismo Klubeko zuzendariek. Hala, iazko garailea, Samuel Tsegay eritrearra bertan izango da, eta Europako kros txapelduna, Alemayehu Bezabeh, ere bai. Alabaina, «itzelezko ezusteko» bat iragarri zuten biharko aurkezpenari begira.

Euskal Herriko kros denboraldia hastear den honetan ahalik eta itxura egokiena eman nahi diete bertoko probei. Zornotzako lasterketa klasiko bat bihurtu da denboraren poderioz, partaidetzari eta lasterketa eremuari dagokionez. Hala, aipatu bi izenez gain, Zornotzako Atletismo Klubak beste gizon hauek ere lotu ditu igande honetan 13.00etan hasiko den proba honi begira: Irlandako izarra, Marc Kenneally, zortzigarrena iazko Europako txapelketan; Sergio Sanchez, eta Ayad Landassem espainiarrak, laugarren eta bosgarren hurrenez hurren 2009ko Europako Kros Lehiaketan. Hamar kilometro pasatxo izango ditu gizonen lasterketak -10,7 hain justu- eta, nabari den moduan, azken orduan partaidetza nola osatzen den ikusteko dagoelarik, bertan gailentzeko aukera dutenak asko izango dira.

Emakumeei dagokienez, berriz, Rosa Morato Europako txapeldunordea izango da faborito nagusia, baina ez zaio aurkaririk faltako. Hala, Herbehereetako Adrienne Herzog ere, Europako txapelketan brontzezko domina, Kenyako Ann Karindi Mwangi, zazpigarrena pasa den Munduko Txapelketan eta Bouchra Chaabi marokoarra ere aurtengo ekitaldia irabazteko asmoz abiatuko dira. Gizonen probaren aurretik jokatuko da emakumeena, 12.30ean hasita, hain zuzen. Beronen luzera ere, ohikoa denez, laburragoa izango da, 6,7 kilometro egin beharko baitituzte.

Iazkoa gogoan

Gogoratzeko modukoa izan zen Jauregibarrian iaz Samuel Tsegayk egindako erakustaldia. Uste guztiak gaindituz, ia bakarrean eginez lasterketaren zatirik handiena, Eritreako korrikalariak egundoko maila eman zuen, inor ere ez zitzaiolarik hurbildu. Aurten, printzipioz bederen, ez dirudi horren erraz hanka egiten lagako diotenik.

Aldiz, Kenyako Linet Masaik eta Etiopiako Vivian Cheruiyotek egundoko «buruz buruko» lehia eskaini zuten. Azken metroetara elkarrekin iritsi zirelarik, Kenyako korrikalariak abiadura handiagoa hartu zuen eta merezimendu osoz lortu zuen garaipena. Igandean besteren batek hartu beharko du, ordea, Masairen lekukoa.

xehetasun batzuk

Bihar aurkeztuko dute Zornotzako LXI. Nazioarteko Krosa, baina atzo zenbait xehetasun eman zituen Zornotza Atletismo Klubak. Hala, gizonen mailako iazko irabazle Samuel Tsegay bertan izango dela iragarri zuten.

europa-Afrika

Nahiz eta iaz Afrikako korrikalariek egundoko maila eman, badirudi aurten Europakoek ere izan dezaketela aukerarik. Emakumeen mailan batez ere, badirudi badagoela afrikarrei aurre egiteko nahikoa maila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo