GARA > Idatzia > Kultura

«Bolumena dena da; itzalaren eta argiaren arteko borroka iraunkorra»

p041_f01_199x124.jpg

Javier Valverde | margolaria

Paisaiak koadro gainean jarri ditu Javier Valverdek Zarauzko Sanz Enea kultur etxean ezarri duen erakusketan. 42 lan erakusten ditu, material desberdinez osatuak, olio pintura, pastela, grabatua nahiz akuarela. Mihisearen gainean oihal zatiak ere jarri ditu, efektu desberdinak sortze aldera. Sakontasuna eta bolumena izan dira, ordea, erakusketa horren ardatz nagusiak.

Ariane KAMIO | ZARAUTZ

Mendiak, zuhaitzak, zerua, itsasoa... naturak erakusten dituenak beste begi batzuekin begiratu ditu Javier Valverde margolariak (Donostia, 1956). Sakontasuna eta bolumena ardatz hartuta, bere lanak ikusgai daude Zarauzko Sanz Enea kultur etxean, urtarrilaren 31ra bitarte.

Maila desberdinak bereizten dira agian zure margoetan?

Bai, itzalekin, gainera, asko jokatzen dut, margoari erliebea eman ahal izateko. Gainera, espazioak era desberdin batean banatzen ditut. Zerua, adibidez, zanpagarria izan daitekeen materiala da, era berean zulagarria, eta itzala emateko gai dena.

Teknika desberdinen bat ekarri al duzu?

Bai, adibidez, oihala oihalaren gainean jarrita gauza berriak egiten aritu naiz. Erakusketa honetara itsaso paisaia bat ekarri dut, eta olatuen forma irudikatu dut oihalak bata bestearen gainean jarrita. Askok esango lukete agian collage bat izan litekeela. Nik ez dut hala ikusten, nahiz eta collagearen teknika berdina den.

Bolumena ere asko lantzen dut, bolumena dena da; itzalaren eta argiaren arteko borroka da. Mihise edo oihal txuri baten aurrean zaude, eta bolumena atera nahi diezu zure margoei, baina hori oso lan zaila da, horregatik zaude beti borrokan argiarekin eta itzalekin, efektu hori lortu ahal izateko. Horretarako koloreen tonalitate desberdinak baliatzen ditut, sakontasuna ere eman diezadaten.

Paisaietan mendiak eta elementu bertikalak dira nagusi.

Bai, azken boladan elementu horiek erabiltzen ditut gehien. Espazio eta dentsitate desberdinak ematen dizkiet margolaneko gaiei.

Zeru solidoak ikus daitezke.

Solidoak edo, ez dakit, gainean ibiltzeko modukoak bai behintzat. Haien gainean ez zen harritzekoa izango pertsona bat edo behi bat oinez ikustea. Sakontasuna eta trinkotasuna bilatzen ditut.

Paisaia ugari ikus daitezke, beraz, lan bakar batean.

Esan daiteke paisaia bakar batean, elementuak jartzen, kentzen edo lekuz mugitzen aritzen naizela. Espazioari beste banaketa bat ematen diot, edo saiatzen naiz behintzat.

Irudien norabideak ere aldatzen dituzu kasu batzuetan.

Ni Oiartzunen bizi naiz, eta Aiako Harriak parez pare ikusten ditut. Etxeko leihoan islatzen direnean, ordea, alderantziz ikusten ditut, eta margolan batean kontrako norabidean marraztu nituen, ispilu bat aurrean jarrita ondo ikusi ahal izateko.

Ironia puntu batekin ere jorratzen dituzu hainbat gai, AHT adibidez.

Bai, koadro batean «Y» itxura duen zuhaitz bat margotu dut, eta danbolina eta txistua marraztu dizkiot ondoan, euskaldunen topikoekin ironiaz aritze aldera. Neure buruari barre egiteko ere baliatzen dut. Beste batean, «el vasco de cabeza cuadrada» deitzen diodan batean, burua karratua duen pertsona irudikatu dut, txapela buruan duela. Eolikoak ere agertzen dira lan batean, baita kutsadura ere. Kontra nagoen gai askoren zertzeladak ikus daitezke koadroetan.

Izenik gabeak dira lan guztiak, zergatik?

Orokorrean ez diet izenik jartzen, ez dakit nola deitu eta izenik gabe egoteari ez diot garrantzirik ematen.

Zure lanaren garapena nolakoa izan da?

Hasieratik ideia edo estilo berarekin lanean aritu naiz, bere barianteekin, baina uste dut hasieratik gauza berean mantendu naizela. Orokorrean beti paisaiak marrazten aritu naiz, eta gehienetan olio pintura erabilita, nahiz eta pastelak, grabatuak eta akuarelak ere baliatzen ditudan.

Nola ikusten duzu Euskal Herrian pinturaren mundua?

Euskal Herrian beti egon dira margolari on eta ugariak, eta uste dut atzetik datozen gazteek ere oso gauza ederrak egiten dituztela. Orain, ordea, gauza asko aldatu da. Ordenagailu bidez gauza asko egiten dira, eta ni ez nago horren kontra, ezta gutxiago ere, baina nik neure burua ikusten dut pintzela hartuta, harekin lanean eta beste toki batean banengo bezala sentitzen naiz.

Margolari askok esaten dute koadro bat ez dela inoiz amaitzen.

Egia da. Nire bizitzako ametsa izango litzateke kilometro luzeetako ehun txuri bat jarri eta inoiz bukatu arte hura margotzen aritzea.

 

ALDERANTZIZ

«Margolan batean kontrako norabidean marraztu nituen Aiako Harriak, ispilu bat aurrean jarrita ondo ikusi ahal izateko»

BUKAEZINA

«Koadro bat ez da inoiz amaitzen; kilometro luzeetako ehun txuri bat jarri eta inoiz bukatu arte hura margotzen arituko nintzateke»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo