GARA > Idatzia > Kultura

«Ttakun Ttan Ttakun» ikuskizuna larunbatean aurkeztuko da Tolosan

GARA | DONOSTIA

Juan Mari Beltranen "Txalaparta" izeneko disko-liburuaren argitalpena dela eta, Mireia Gabilondo aktoreak, Jon Maya dantzariak eta Beltranek berak «Ttakun Ttan Ttakun» izenburuko ikuskizuna aurkeztuko dute larunbat honetan Tolosako Leidor antzokian, iluntzeko 20:30ean hasita.

«Ttakun Ttan Ttakun» ikuskizunak (Iruñean egin zuten aurrestreinaldia, pasa den azaroan) Beltranen «Txalaparta» liburu eta diskoan egindako ibilbidea jasotzen du, eta «magikoki», musikaz, argiz, irudiz eta poesiaz beteriko ikuskizun bilakatzen da.

Memoriaren lurraldera

Obraren arduradunek azaldu zutenez, «Txalaparta» Juan Mari Beltranen maisulana da, testu, irudi, partitura, eta argazki ugariz osatua. CD eta DVD batekin lagunduta, lan hori ikerketa eta dokumentazio jardun luze baten ondorioa da eta txalapartaren doinu eta erritmoak ahalik eta hobekien ezagutzeko oinarriak jartzea du helburu. Obrak arreta berezia jartzen dio txalapartak azken berrogei urteetan egin duen ibilbideari eta izan duen eraldaketari, dela musikalki, dela sozialki, bai antzinako jotzeko eratan, bai joera berrietan.

Hau guztia «Ttakun Ttan Ttakun» izeneko ikuskizunean aurkeztuko dute, non Juan Mari Beltranek, Mireia Gabilondok eta Jon Mayak «memoriaren lurralde urrunenetara» eramango dituzten ikusleak, «imajina daitezkeen erritmo eta aukera guztietan, irudi, dantza eta argi-itzalen joko zoragarrien bitartez».

«Joaldi tradizionalak soinu eta espresio berriekin nahastuko dira, bikote, hirukote eta laukotean egindako erritmo, doinu eta kolore askotako joaldi bereziz, edota ahots joko eta poesia hutsez beteriko ikuskizun honetan», adierazi zuten.