Ariane Kamio Kazetaria
Rappeli idazten hasiko natzaio
Beldurra izatea zer den jakitea ez da gauza berria. Mundu guztiak sentitu du inoiz izua bere zainetan. Larritasuna, izerdia, arnasestua, bihotz taupaden areagotzea.... Maitasunaz hitz egitean ere ezaugarri berberak aipa litezke eta ziurra da baita ere estasi egoera horrek beldurra daramala bizkarrean gordeta. Ezusteko bat, ezkutatzeko nahia, oihu egiteko beharra... hamaika ondorio izan ditzake izuaren sentitzeak, hura bizitzeak; izoztuta uzten zaituen beldurrak, baina, ez du parekorik. Isila da, geldoa, barrua astiro-astiro irensten dizuna; zuhurra, maltzurra, areriorik ez duen borrokalari aske batek izango lukeen indarraz erasotzeko gai dena.
Olentzerori eskutitza idatzi nion abenduaren 24a baino lehen. Urtero bezala, papera eta arkatza hartu eta urte osoan zintzo jokatu dudala onartu ostean, hurrengo egunean amaren etxean ikusi nahi nituen oparien zerrenda egin nion. Ez zen oso luzea, baina ez zidan eskatutakoa ekarri.
Ondoren, Urtezahar gaua heldu zen. Rappel telebistaz ikusi nuen goiz hartan, eta urte berria ondo hasi eta hobeto jarraitzeko aholku ugari eman zituen. Nik, berriz, papera eta arkatza hartuta, guztiak txukun-txukun idatzi nituen, baita praktikara eraman ere; kandela zuri eta gorri bana piztu nituen afalorduan, kulero gorriak jantzi nituen, amaren eraztuna bota nuen xanpain kopan... errituari jarraitu nion, eta urte berriari ia astebete lapurtu diodanean, inguruan oraindik zerbait falta zaidala nabaritzen dut, egoerak berdin jarraitzen duela, eta ez dirudiela asko aldatuko denik, nahiz eta horren aldeko lana egiten jarraituko dudan.
Artikulu hau argitaratzen denerako, Errege Magoek jada beren lana amaituta izango dute. Haiek ere lan ugari izaten dute Euskal Herrian (nahiz eta askok esan Olentzeroren etorrera ospatzen dutela beren etxeetan!), baina ez dakit merezi duen haiei zerbait eskatzea. Olentzerori idatzi bezala, utz dezatela bederen euskal preso bana etxe bakoitzean eta, bide batez, alda ditzatela independentziari gorrotoa dietenen buruak, haiek ematen didate-eta beldurrik gehien. Gainontzean, Rappeli idazten hasiko natzaio aurrerantzean.