A gripearen aurkako 50 milioi txertoren eskaera baliogabetu du Estatu frantsesak
Estatu frantsesak estrategia aldatu eta A gripearen kontrako 50 milioi txertoren eskaera bertan behera uztea erabaki du. Erabakia oposizioak eginiko kritikei erantzuteko keinua izan da eta, gainera, hasierako kostua «erdia baino gutxiagora» murriztuko dela baieztatu dute.
GARA
Gobernu frantsesak A gripearen aurkako 50 milioi txertoren enkargua bertan behera utzi duela iragarri zuen astelehen gauean, eta oposizioak gaixotasunari aurre egiteko botiken kudeaketa zalantzan jarri zuen.
Astelehenean eman zuen Parisko Osasun ministro Roselyne Bachelotek 50 milioi txerto horien eskaeraren baliogabetzearen berri. Guztira, 94 milioi txerto eskatu zituen Gobernuak iragan udan, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) pandemia arriskua mundu osora hedatu zuenean.
Azken erabaki hau, beraz, Sarkozyren Gobernuaren estrategia aldaketa batek eragin du, hainbat arrazoi direla medio: alde batetik, joan den azarotik nazioarteko osasun agintariek pertsonako txerto bakarra gomendatu izana, hasiera batean zehaztutako bien ordez.
Bestetik, gaitzak uste zena baino heriotza tasa txikiagoa eragin du eta, azkenean, 5 milioi lagunek baino ez dute jaso txertoa Estatu frantsesean.
Eskaera bertan behera uztea «denon interesen mesedetan hartutako erabakia» izan dela azaldu zuten Osasun Ministeriotik eta Bachelotek txerto horiek «entregatu eta ordaindu gabe» zeudela argitu zuen.
Haren adierazpenen arabera, hasierako aurrekontuetan -712 milioi eurokoa, hasiera batean iragarri ziren 869 milioien ordez, BEZaren aldaketa bat dela-eta- «erdia baino gehiago» aurreztuko da.
Ikerketa
Jasotako kritiken ostean, hainbat alderdik txertaketa kanpaina aztertzeko ikerketa bat egin dadin eskatu dute eta Bachelotek eskaera onartu egin zuen.
«Egoera berbera balitz, gauza bera egingo nuke berriro ere», adierazi zuen Bachelotek prentsaren aurrean.
Zentzu horretan, iragan asteburuan gripeak 18 lagun hil zituela nabarmendu zuen, «arrisku taldeetatik kanpo zeudenak, gainera».«Zuhurtasun printzipioak» mantentzearen alde agertu zen Bachelot, jasotako kritiken aurrean -farmazia enpresen mesedetan muturreko alarma sortu izana egozten diote- bere burua defendatzeko.
Txertatze kanpainak zalantza ugari eragin zituen eta herritar askok txertorik ez hartzea erabaki zuten. «Argi dago hau ez dela arrakasta izan», adierazi zuen Bruno Lina birologoak. Hala ere, beste askotan bezala, zientzialariak ohartarazi zuen «epidemia ez dela bukatu».
2009ko amaierara artekoari dagokionez, gripearen ondorioz hildakoen kopurua 12.200ekoa da, OMEren arabera. Horietatik 228, Estatu frantsesekoak.
Igandean iragarri zuen Gobernu frantsesak soberan dauden txertoak salduko dituela. Qatar (300.000 erosi ditu), Egipto (2 milioi nahi ditu), Ukraina eta Mexikorekin negoziatzen ari da.