«Oraingoz ikastea eta erritmoa hartzea da helburua, gero, txapelen bat irabaztea»
Aspeko pilotaria
21 urte bete berritan, Iñaki Larrinaga Elorrioko atzelariak ostiralean gauzatuko du, herriko pilotalekuan, profesional gisa debutatzeko ametsa -Gonzalezen atzelari arituko da Aritz Lasa eta Fernando Goñiren aurka-. Afizionatuetan urte biribil bat osatu ostean, Aspek aukera eman dio, eta pixkanaka-pixkanaka bere lekutxoa egin nahi du bizkaitarrak pilotari onenen artean.
Jon ORMAZABAL
Ostirala hurbilduz doan heinean urduritasunak gora egingo duela jakin badakien arren, Iñaki Larrinagak lasaitasunez daramatza debutaren aurreko azkeneko orduak.
Nola aurkitzen zara ostiraleko debutaren aurrean?
Momentuz lasai samar nago, ostirala heldu arte zain nago, egun horretan ez dakit zer gertatuko den, urduritasunak-eta helduko dira, baina oraingoz, lasai.
Pilotari gazte gehienak bezala, ametsa betetzear dela sentituko duzu, ezta?
Beti egon naiz horretan pentsatzen, baina orain, besterik gabe, heldu da eguna eta jokatu egin behar.
Luzea izan da jauzi hau emateko bidea?
Bai nahiko luzea, hor egon nintzen orain dela urtebete-edo debutatzeko zorian, baina azkenean ez zen posible izan, lepotik izorratuta egon nintzelako. Azkenean eman didate aukera, puntu onean nago eta ahal dugun guztia emango dugu.
Afizionatuetan txapelik desiratuenetakoa den DV txapelketa irabazi berri duzu.
Bai puntu onean egon naiz, gainera Larrañagarekin jokatzen egon naiz, oso ondo moldatzen ginen, DV txapelketa irabazi genuen eta horrek ere ematen du bere bultzakada.
Ezagutzen ez zaituen pilotazalearentzat, nola definituko zenuke zeure burua?
Esango nuke eskuina daukadala nahiko indartsua, eta orain erritmoa hartu dut profesionalekin entrenatzen, baina batez ere eskuinarekin nahikoa indartsu jotzen diot.
Zertan duzu hobetu beharra?
Batez ere segurtasunean, segurutsuago jokatzen. Azkenaldian esprintekin ere ari naiz lanean, ea arintasunean hobetzen dudan, kolpetik ondo nabil eta erresistentziatik ere bai.
Ze helburu jartzen dizkiozu zeure buruari profesionaletan?
Oraingoz ikastea, eurekin jokatu, euren erritmoa hartu eta gero txapelen bat edo tituluren bat irabazi ahal bada are eta hobeto, baina oraingoz lasai.
Izan ere, saltoa kostatu egiten da nahiz eta Beroizen kasuarekin gezurra dirudien.
Bera afizionatuetan ere oso ona izan da, eta profesional mailan ere hori erakutsi du. Bere maila ematen dabil eta hor daude bere tituluak, bai buruz burukoan, bai binakakoan. Binakako txapelketan merezita jarri dute.
Ispilu bat izan daiteke Beroiz zuretzat?
Agian askotxo izango da, baina gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Saiatuko gara bera bezala jokatzen eta ahal bada hobeto, baina gurea egiten eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara.
Debutaren aitzakiarik ez duzu izango, Gonzalezen atzelari?
Edozeinek nahiko luke Gonzalezekin jokatu. Lau eta Erdiko txapeldun izan da, ondo ari da jokatzen eta zer gehiago nahi duzu? Aritz Lasa ere oso puntu onean dabil, Fernando Goñi beterano bat da, beragandik asko ikas daiteke, eta horretan saiatuko naiz.
Herrian giro berezirik sumatzen al da partidari begira?
Bai nabaritzen da, jende askok eskatu dizkit sarrerak, uste dut frontoia beteko dela. Gainera koadrilakoak bazkariren bat egingo dute eta gero frontoira joango dira eta uste dut giroa ezin hobea izango dela.
Izan al duzu idolo edo gustuko pilotaririk?
Ni neu beti Juan Martinez de Irujoren aldekoa izan naiz. Beti faboritotzat izan dut, berarekin entrenatu dut eta ahalmen ikaragarriak ditu. Orain ea aukerarik izaten dudan berarekin jokatzeko edo beraren aurka, berdin dit. Aldageletan oso mutil ona da eta berarekin edo aurka jokatzea asko gustatuko litzaidake. Ni atzelaria izanagatik ere, ez zaio horri begiratu behar, bat aukeratzekotan bera izango litzateke onena.
Pilotatik aparte beste lan edo zereginik ba al duzu?
Goizetan Elorrioko tailer batean nabil mekanika kontuetan. Bertan bost ordu ematen ditut goizean, eta arratsaldean, berriz, ahal dudan neurrian entrenatzen dut.
Non eta norekin entrenatu duzu?
Jokin Etxanizen aginduetara aritu gara, normalean Eibarren aritu gara, Bizkaia aldeko pilotariekin, Asier Berasaluze, Xabi Galarza eta Ibai Perezekin.
Alde handia nabaritu al duzu?
Bai, erritmoan. Pilotak nahiko antzekoak dira, apur bat fuertetxoagoak baina batez ere erritmo aldaketa da nabarmena, askoz azkarrago jokatzen dute. Hemen txarrena ere ona da, inork ez du barkatzen.