GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Ezinezkoa egiten duen eskultorea

Bere eskulturak beti daude bizirik, beti baikortasunez gainezka; bera bezala. Begi distiratsuekin galdetu dit: basoan zeinek dauka indar gehiago, harriak ala egurrak? Zergatik okertzen dira zuhaitzak gutxika-gutxika? Eta harriak, zergatik ez? Zergatik ez dituzte zuhaitzek harriak zulatzen? Zergatik izan behar du izan den moduan? Zergatik...? Hurrengo proiektuan zuhaitzen eta harrien harreman horri buelta ematen saiatuko dela kontatu dit, eta ez dut zalantzarik egin: lortuko du. Bizitza bertze era batera bizi daitekeela erakutsiko digu berriro, Londres-Paris-Lekeitio ibilbidea piraguan egin zuenean bezala, 43 egunetan.

Teilatuak hausten direnean teilak lurrera erori eta zapaldu egiten ditugu. Baina berak azaldu dit beretzat teila bat pertsona bat dela, teilatu bat herri bat, eta airean egonen direla beti, grabitateari aurka eginez: gu ez gara jauziko. Pixkanaka-pixkanaka, lurraldez lurralde, sustraiak egiten ari da. Eskultura hauek lurpean dute mutur bat eta ez dakigu non ateratzen diren. Euskal Herria, Estatu frantsesa, Afrikako herrialdeak, India, AEBak, Suedia, Mexiko... lotu ditu horrela, sustraiak besarkatuz, mugak gaindituz. Bere bizitza, eskultura eta bidaiak bat dira, beti ahalegintzen da pentsatzen duena egiten eta horretara animatzen gaitu bertzeok ere: giltzarrapoak kentzera, askeago bizitzera, gu geu izatera. «Askoz astoagoak, askoz jatorragoak». Gustatzen zait urte berria hastea. Aukera bat da. Egiatan egin nahi dudana egiteko indar berezia izaten dut eta begirada aldatzen zaidala iruditzen zait: argitu, zabaldu. Orain gehiago, Jose Pablo Arriaga ezagututa. Eskerrik asko!

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo